Ion Orzaiz.
Koronabirusa. ANALISIA

Ez bada ikusten, akabo arazoa

2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun

Eta hemen ez da ezer gertatu. Positiboak beheranzko joera betean dira, igaro da omikronen tsunamiaren okerrena, eta ez da ikasgela bakar bat ere itxi beharrik izan izurriaren ondorioz. Hego Euskal Herriko erakundeen adierazpenei eta azken asteetan hartutako erabakiei erreparatuta, ondoriozta liteke dena ongi doala. Zuri-beltzeko lerroburu handien azpian, baina, azalpen konplexuagoak daude. Grisak. Eta komeni da horiek izurriaren komunikazio publikotik ez ezabatzea, egoeraren irudi osoago bat marrazte aldera.

«Pozik» azaldu da Jokin Bildarratz, Gabonetatik bueltan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dutelako ikasgelarik itxi behar izan. Zabalik dira denak, nahiz eta intzidentzia handiagoa den orain, Gabonen aurretik baino. Haurren txertaketa nabarmendu du Hezkuntza sailburuak, joera aldaketa azaltzeko. Eta egia da. Gero eta txerto gehiago, orduan eta apalagoa izanen da izurriaren eragina, eta birusak ere zailtasun handiagoak izanen ditu hedatzeko, baita ikasleen artean ere. Eskoletako hezkuntza komunitateek egin duten lana ere txalotu du Bildarratzek. Ezin uka daiteke hori ere. Txalotzekoa da zuzendari, irakasle eta langile askok egin duten ahalegina, egoera kaotiko baten erdian ere, hezkuntza funtzio publikoari eusteko. Faktore horiekin batera, baina, bada beste aldagai erabakigarri bat: positiboen jarraipenik eza.

Gabonetako oporraldiaren aurretik, 460 ikasgela itxita zeuden koronabirusagatik; oporretatik bueltan, ezta bat ere. Zer gertatu da bi garai horien artean? Protokoloak aldatu direla. Lehen, positibo bat agertzen bazen, kontaktu estu izandako gainerako ikasle guztiei proba diagnostikoa egiten zieten. Orain ez. Lehen, etxera bidaltzen zituzten kontaktu estu izandakoak. Orain ez. Nafarroan ere, behin baino gehiagotan aldatu da protokoloa, eta bost positibo agertu arte, ez da ikasgelarik ixten. Baheketarik ere ez da egiten jada.

Antzeko zerbait gertatzen ari da transmisio kurbarekin. Apaltzera jo duela diote Osakidetzaren eta Osasunbidearen eguneroko datuek. Gero eta positibo gutxiago, astetik astera. Omikron aldaerak sortutako olatuak bizkor hazi eta bizkor uzkurtzen direla esan izan dute zenbaitek, Hegoafrikako ispiluan hemengo errealitatea ikusi nahian. Izan liteke. Baina aintzat hartzekoa da, seigarren olatuak gaindituta, administrazioek erroko aldaketak ezarri zituztela izurria monitorizatzeko sistemetan: orokortu egin zuten antigeno test bidezko autodiagnostikoa, eta PCRak erreserbatu zituzten sintoma larriak dituzten gaixoentzat. Horrek, baina, kolokan jar dezake detekzio sistema osoaren fidagarritasuna. Izan ere, nola neurtu tsunamiaren tamaina, orain arteko neurgailu guztiak baztertuta?

Agerikoa da beste fase batean sartua dela izurria, eta, azken hilabeteetako bilakaera ikusita, ezinezkoa izanen dela orain artekoari eustea. Beste detekzio eta jarraipen mota bati heldu aurretik, baina, komeniko litzateke, batetik, egungo olatua erabat gainditzea; eta, bestetik, aldaketaren nondik norakoak xehe-xehe azaltzea. Oraingoz, ez dira gertatu ez bata, ez bestea. Besterik gabe, erabaki dute ez begiratzea. Ikusten ez bada, ez baitago arazorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.