ANALISIA

Diada, 2. denbora

martxelo otamendi
2021eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Urte enblematikoa da aurtengoa Kataluniako askatasun nazionalaren alde hamarkadetan lan egin duten katalanentzat. Duela 50 urte, artean Franco diktadorea bizi zela, Assemblea de Catalunya sortu zuten Kataluniako indar demokratikoek. Bi urte lehenago Burgosen (Espainia) ETAko hainbat kideren aurka egindako epaiketan eskatutako heriotza zigorren aurka Katalunian egindako protestak Assemblea haren hazia izan ziren. Horrela nabarmendu zuten koordinadora horrek duela mende erdi lehen bilera egiteko erabili zuen eliza berean, ostegunean, Bartzelonan CCOO sindikatuak egin zuen oroimen ekitaldian parte hartu zuten hizlari autodeterminaziozaleek.

[YouTube]https://youtu.be/X4ik6f4fL3E[/YouTube]

«Askatasun nazionalaren eta sozialaren alde borroka batuan» segitzeko deia egin zuen sindikatuaren idazkari nagusi Javier Pachecok elizaren aldaretik, Hego Euskal Herrian CCOO sindikatuari nekez entzungo diogun indarrarekin.

Urte asko iragan dira abertzaleekin batera PSOEk, PSUCek (PCEren parekoa Katalunian), CCOOek eta UGTk osatu zuten Assemblea eratu zenetik, baina eskaerak ez dira aldatu: amnistia, askatasun demokratikoak eta autodeterminazioa. Hiru puntu horiek zeuden erakunde hark kaleratu zuen lehen agirian, eta atzo Diadako ekitaldietan egin ziren mintzaldietan. Asko aldatu da, ordea, Katalunia azken 50 urteotan.

Erronka handia jarri dio aurten ANC Assemblea Nacional Catalanak bere buruari aurtengo Diadaren tipologia erabakitzeko orduan: duela urte batzuetakoak gogoan, manifestazio handia egitea Bartzelonako kale enblematiko batean. Indar erakustaldia egin nahi zuen atzo ANCk, eta antolatzaileek espero baino jende dezente gehiago bildu zen Lluitem i Guanyem leloa (Borroka egin dezagun eta irabaz dezagun) zeukan deialdira. Herritarrek haien berezko habitatera itzultzeko gogo handia zeukaten, kalera, independentzia prozesuarekin aurrera segitu nahi dutela adierazteko Espainiako Gobernuari eta, batik bat, Kataluniakoari. Begi bistakoa da askoz hobea dela prozesuaren alde dauden herritarren arteko harremana, ERCren eta JxCren zuzendaritzen artekoa baino. Bi alderdi horien arteko ezin eramana hizpide izan da Diada aurreko egunetan egin diren ekitaldietan. Manifestarien interpelazioa sendoa eta argia izan zen atzo: batasuna, eta aurrera prozesuarekin.

Pere Aragones Kataluniako lehendakari egiteko ERCren, JxCren eta CUPen artean adostu zuten hitzarmenak dio hiru alderdiek konpromisoa hartzen dutela Amnistiaren eta Autodeterminazioaren Aldeko Akordio Nazionala lantzeko. Espainiako Gobernuak eta Kataluniakoak abiatzear daukaten negoziazio mahaian lor litekeen akordiorik onenak ere independentziazaleak aseko ez dituela konbentzituta daudenentzat, akordio hori izan liteke mahairen porrotari aurkeztu beharreko B plana. Akordio hori aurrera ateratzeko ezinbestekoa da, lehendabizi, hiru alderdi independentziazaleen gutxieneko adostasuna eta, ondoren, akordioa bestelako erakunde politikoei, sindikalei eta sozialei zabaltzea.

Assemblea de Catalunya 30 erakundek osatu zuten orduan. 2013ko ekainean, 40 talderen babesarekin hasi zen lanean Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Ituna. Azkenean, Kataluniako 3.500 erakundek sinatu zuten itun hori.

Diskrezio handiarekin, alderdien arteko xextrak sortzen duen zaratatik babestuta, lanean ari dira Amnistiaren eta Autodeterminazioaren Aldeko Akordio Nazionala gauzatzeko. Assemblea de Catalunya sortu zeneko 50. urteurrena ez da garai txarra akordio horren berri edukitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.