Koronabirusa

Ostalariak, itxierarekin haserre: «Ez gara izurriaren erantzule»

Iruñeko taberna atari bat, atzo. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Ostalaritzaren sektorea haserre dago Nafarroan. Ez datoz bat Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak COVID-19ari aurre egiteko iragarritako neurriekin —ostegunetik aurrera, bi astez itxita egongo dira ostalaritza establezimenduak—, eta ohartarazi dute hainbat enpresa «amildegira» joango direla: «Epe laburrean, pertsiana jaitsi beharko dute askok, eta, luzera, hurrengo belaunaldikoek birritan pentsatuko dute ostatu bat ireki aurretik», esan zuen atzo Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteko lehendakariak, Ana Beriainek. «Ez gara izurriaren erantzuleak».

Espainiako Gobernuak emandako datuak oinarritzat hartuta, Beriainek adierazi zuen ostalaritza eremu «seguruenetako bat» dela, «agerraldi gutxi» atzeman dituztelakoan tabernetan, jatetxeetan eta dantzalekuetan. Nolanahi ere, ostalaritzaren esparruak du positiboen eta agerraldien arteko ratio handienetakoa: agerraldi bakoitzeko, 22 positibo.

Tabernak eta jatetxeak ixteko erabakia «politikoa» izan dela salatu zuen Beriainek, eta «ostalaritza ez kriminalizatzeko» eskatu zion Nafarroako Gobernuari: «Protokoloak eta segurtasun neurriak ezarri ditugu, eta, datuen argitara, ari dira fruituak ematen. Ezin dugu ulertu ostalaritza koska bat gehiago estutzea».

Nafarroako Gobernuak iragarritako diru laguntzak «hutsaren hurrengoa» direla nabarmendu zuen: «Hamar milioi euroko diru poltsa banatuko dute 850 milioi euroko fakturazioa duen sektore batean. Hori adabaki bat da. Nola ordainduko ditugu BEZa, kontribuzioa eta hondakinen zerga?». Ostalaritzarako «bideragarritasun eta erreskate plan bat» nahi dute.

EH Bilduren proposamena

Hain justu ere, EH Bilduk ostalaritza sektorea babesteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean: jarduera eteten dutenentzat 600 eta 1.200 euro arteko diru laguntzak abiatzea, eta diru sarreren %25 baino gehiago galdu dutenentzat, 400 eta 800 euro artekoak; berez, langile autonomo guztiei iritsi beharko litzaizkieke laguntzak, koalizioaren arabera. Ostalarientzako diru sail hori administrazioak berak jartzea aurreikusi du, eta apirilean autonomoentzat irekitako laguntza programa berreskuratzea eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.