Nafarroako Gobernuaren osaketa

Presidenteorde bana izango dute PSNk, Geroa Baik eta Zurekin-ek

Akordioaren arabera, Geroa Baik Osasun Departamentua zuzenduko du, eta Zurekin Nafarroak, Etxebizitza Departamentua

Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazio mahaia, herenegun. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Programa adostearekin batera, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak urratsak egin dituzte Nafarroako Gobernuaren egitura berria antolatzeko. Inbestidura saioak aurrera eginez gero, Maria Txibiteren gobernu berriak hamahiru departamentu izango ditu, azken legealdiko kopuru bera: PSNko zortzi, Geroa Baiko lau, eta Zurekin Nafarroak bat. Talde bakoitzak presidenteordetza bat ere izango du. Jakinarazi dutenez, Geroa Bairen esku geratuko da Osasun Departamentua. Koalizioak, baina, etxebizitza arloa kudeatzeari utziko dio, Zurekin Nafarroaren mesedetan.

Ikusi gehiago: Zerbitzu publikoak indartzea izango du xede akordio programatikoak

Sozialistek departamentu hauei eutsiko diete: Hezkuntza, Lurralde Kohesioa, Ekonomia eta Ogasuna, Kultura eta Kirola —Turismoa ere barne hartuko du—, Unibertsitatea, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala, eta Eskubide Sozialak eta Enplegua. Horrez gainera, akordioaren arabera, bi departamentutan banatuko dute Presidentetza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentua, Javier Remirezen gidaritzapean egon dena. Batetik, Presidentetza eta Berdintasun Departamentu bat osatuko dute. PSNren esku egongo da, baina Berdintasun Institutua Zurekin Nafarroak gidatuko du. Bestetik, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia Departamentua osatuko dute.

Geroa Baik, berriz, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari eta Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuari eutsiko die —azken horren barruan, PSNk gidatuko luke Bake, Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza—. Horrez gainera, Industriako, Trantsizio Ekologikoko eta Enpresen Trantsizio Digitalerako Departamentua gidatuko du. Azken legealdian, bi departamentutan banatuta egon dira afera horiek. Horiek horrela, Geroa Bairen laugarren saila Osasun Departamentua izango da; azken legealdian sozialistek gidatu dute.

Zurekin Nafarroak hartuko du, berriz, Etxebizitza Zuzendaritza. Zehazki, Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politika Departamentua gidatuko du koalizio hark.

Geroa Baik, senatari bat

2019an bezala, Nafarroako Parlamentuak Espainiako Senaturako hautatu beharreko kidea ere adostu dute. Geroa Baik hautatuko du. Azken legealdian Koldo Martinez izan da senatari autonomikoa, baina Geroa Baik oraindik ez du zehaztu nor izango den haren ordezkoa.

Ikusi gehiago: «Aurrerakoia» izatea du xede
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.