Koronabirusa

Ezkutu zulodun bat jantzita

Ozendu diren hainbat mezuren arabera, behin txertoa hartuta apaldu egiten da birusarekin kutsatzeko arriskua; baina txertoen eragin positiboen artean ahulenetariko bat da hori.

Erizain bat emakume bati txertoa jartzen, Illunben, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
2021eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Behin eta berriz errepikatzen ari dira osasun agintariak txertaketaren aldeko mezuak, eta, areago, COVID-19aren izurriari aurre egiteko hartzen ari diren neurri asko, batez ere, txertaketa sustatzeko estrategia batean ardaztuta daude. Horiek horrela, osasun ziurtagiriarekin lotuta daude asteotan hartu diren erabaki garrantzitsuenak; behin txertatu gabeei toki publikoetako ateak itxita, horiek eremu «seguruak» izateko ate erabakigarri bat zabaldu dela argudiatu dute. Baina zera oroitu behar da: COVID-19aren kontrako txertoak ez dira esterilizatzaileak; alegia, txertoa hartu duten pertsonek ere kutsatzeko arriskua dute, eta, ondorioz, gaitza transmititzekoa. «Badira txerto esterilizatzaileak; esaterako, errubeolaren kontrako txertoa esterilizatzailea da; txertatuta dauden pertsonak ez dira infektatzen», azaldu du EHUko Mikrobiologia irakasle Miren Basarasek. Ez da hala gertatzen COVID-19aren kontra garatu diren txertoekin. Hala azaldu du EHUko Farmakologia irakasle Gorka Orivek ere: «Txerto bat esterilizatzailea denean, ezkutu bat jantzita bezala zoaz. Ez zara infektatzen; ondorioz, ez duzu transmititzen. Txertatzen den pertsona bakoitza harresi antzeko bat da transmisiorako. Baina hori ez da txertoon ezaugarria: hasieratik genekien ez zirela esterilizatzaileak». Ezkutu zulodun bat dira.

Behin birusarekin kutsatuz gero gaitza arinagoa izatea lortzen dute txertook, eboluzio samurragoa izatea. Transmisioa apaltzen duten zantzuak badira, baina ez dago argi zer neurritan urritzen duten. «Hasiera batean, alfa aldaera zegoenean egin ziren ikerketetan, Israelen ikusi zen transmisioa %70 ere apaltzen zutela txertoek», azaldu du Basarasek. «Zer gertatu da? Ondoren delta aldaera etorri zen, askoz ere kutsakorragoa, eta hor hainbat azterketa egin dira, eta datu kontrajarriak eman dituzte. Zenbaitek esaten dute txertoa gai dela transmisioa eteteko %50ean-edo, eta beste batzuek esaten dute askoz ere maila baxuagoan eteten dutela. Areago, badira esaten dutenak soilik txertatuen %20 direla transmisio hori eragozteko gai». Ez da erraza datuen amaraun horretan deus argia ateratzea, eta, aldaerak bat bestearen atzetik nola datozen, are zailagoa da dena. «Hara zer gertatu den orain; omikrona etorri da, eta oraindik ere kutsakorragoa dela dirudi». Ikerketa horietan, hala ere, badira esperantzarako printzak. «Delta aldaerarekin hauxe ikusi zen: nahiz eta kutsatuta egon, transmititzeko ahalmena eta birusaren kantitatea baxuagoa dela kutsatu gabeena baino». Baina ez da deus argirik: «Nahiko kontrajarriak dira datuak; azterketa gehiago behar dira». Behin COVID-19a pasatuta garatzen den erantzun immunitarioarekin ere, antzera: «Neurri batean babesten gaitu, ez guztiz».

Gainera, ikusi da babesa, oro har, «iragankorra» dela: «Ez da iraunkorra». Beraz, hor ere bada kezkarako beste motibo bat. Horregatik, txertoaz haragoko neurriak ere beharrezkoak direla gogoratu behar dela nabarmendudu Basarasek: «Txertoarekin ere arriskua badago». Berez. «Eta transmisioa handia bada, arriskua handitu egiten da. Eta horixe da orain gertatzen ari dena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.