Kataluniako hauteskundeak. Bozen ondorena

ARGITASUNIK EZ ARGAZKI BERRIAN

Gehiengo parlamentario independentista, baina %50etik beherako babesa; erabakitze eskubidearen aldeko gehiengo zabala Katalunian, baina Madril ostrukarena egiten. Jokaleku konplexua marraztu dute osteguneko bozek, eta analista politikoak «blokeoaz» nahiz «ziurgabetasunaz» mintzo dira.

Oriol Junqueras eta Carles Puigdemont, iazko abenduan, Kataluniako Parlamentuan. Preso dago egun ERCko burua, eta erbestean JPCko zerrendaburua. ANDREU DALMAU / EFE.
Jon O. Urain, Berriemaile berezia
Bartzelona
2017ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Monopoli jokoaren itxura hartu du azken egunetan Kataluniako prozesu politikoak. Osteguneko hauteskundeen emaitzek 2015eko irailaren 27ean azaleratutako indar korrelazioa berretsi dute -botoetan %50era iristen ez den gehiengo independentista eta gehiengo absolutua parlamentuan-, eta, ildo horretan, A-21eko bozen aurreko lauki berean dago partida. Ezer ez da berdin, ordea; taulari itzuli osoa eman ondoren iristen da jokalaria lauki berera, baina aberastuta, txirotuta edo kartzelaren laukitik igarota. Eta, Katalunian, apenas aldatu den hauteskundeen argazkia, baina ez dira alferrik igaro prozesuaren judizializazioa, hautagai batzuen kartzelaldia edo beste batzuen erbesteratzea.

Mapa, beraz, «izoztu» egin da, «solido bihurtu», Marc Sanjaume Pompeu Fabra Unibertsitateko Politika Zientzietako irakaslearen esanetan; indar korrelazioa «zegoen lekuan dago, ezberdintasun nabarmenak» antzematen baditu ere: «Batetik, antiindependentismoaren lidergoa Ciutadansek bereganatu du eta, bestetik, independentismoak lortu du eustea. Horrek ez du 2015eko irailaren 27ko esanahi bera, eutsi baitio gertatutako guztiaren ondoren». Orain, proiektu izateaz gain, independentziaren aldeko joera «erresistentzia handi moduko bat» ere badela uste du, bi milioi lagunekoa «eta, bide batez, apur bat gora egin duena».

PARTE HARTZE HISTORIKOA



Parte hartzea inoizko handiena izan zen ostegunean, eta zabaldua zegoen horrek alderdi unionistei mesede egingo zielako ustea. Hazi da unionismoa, baina, boto portzentajean, apenas jaitsi den independentismoa: «Kontrara, botoak irabazi ditu, eta ez du izan parte hartze handi batekin uste zitekeen hondamendirik». 2014ko azaroaren 9ko galdeketatik abenduaren 21era, 2015eko bozetatik eta urriaren 1eko erreferendumetik igarota, goranzko joera du oraindik Katalunia estatu independente izatearen aldeko iritziak. Haren esanahia «mudatu» egin da orain: «Gauden testuinguruan, zein esanahi du botoa emateak, bozkatzen ari zaren hautagaia justiziatik ihes eginda edo espetxean baldin badago? Bozkatzen jarraitzen badute legez kanpoko zerbait?».

Eva Anduiza Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Politika Zientzietako irakasleak ere garrantzitsu deritzo parte hartzea inoizko handiena izateari eta horrek independentisten babesa apenas urritu izanari: «Denek onartu behar dute independentziaren aldeko babes maila hori hor dagoela edozer gertatzen dela ere». Proiektu politiko independentistaren iraunkortasunari erreparatu dio Sanjaumek ere: «Kontuan izan beharreko ideia bat da pertsistentziarena. Batzuetan, fenomeno politikoak sufletzat edo beroalditzat jo izan dira, eta itxaron ohi da ea jaisten den auziari heltzeko. Hauteskunde hauek berriro erakusten dute eskakizun legitimoa eta gizartearen babes handikoa dela».

«Hemen, bozkatzeko gogo handia zegoen», dio Oriol Bartomeus Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Politika Zientzietako irakasleak: «Irudipena zegoen asko zegoela jokoan. Ez dut uste botoa eman nahi zuen inor geratu zenik bozkatu gabe». Bi hitzetan laburtzen du bozetatik eratorritako argazkia: «Polarizazioa eta ziurgabetasuna». «Funtsezko orekek berdin» jarraitzen dutela uste du, independentistek «indar oso handia baina %50etik beherakoa» edukita.

UNIONISTAK, MADRILERA SO



Demokrazia, Hauteskundeak eta Herritargoa ikerketa taldeko burua da, eta bere blogean idatzi ditu bozen inguruko hausnarketa batzuk. C's-en garaipenarekin batera, alderdi independentisten babes maila azpimarratu du: «Oso egonkorra izan da denboran zehar, eta ez da murriztu, aurreko gobernu independentistak hainbat neurri zalantzagarri hartu izanagatik ere». Bartomeusek «sorpresa» hartu zuen C's-en garaipenarekin: «PP irentsi du, eta parte hartzearen hazkundearen zati handi bat hara joan da». C's hauteskundeetako lehen indarra izateak adierazten du «gatazka nazionalaren inguruan gero eta polarizatuago» dagoela Kataluniako gizartea, Anduizareniritziz. C's-en garaipenak eta, batez ere, PPren porrota «ikuspegi espainiarrarekin» aztertuko dela uste du: «Orain arte, PPk lortu du onura Kataluniako gatazka elikatzetik, baina badirudi ez direla bakarrak. C's-en hazkundea benetako mehatxua da PPrentzat». Hala ere, ez du uste Espainiako Gobernua osatzen duen alderdiak erreforma konstituzionalaren bidea hartuko duenik auziari irtenbidea emateko.

Bat dator Sanjaume: unionismoaren lidergo aldaketa «kolpe handia» da Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearentzat: «Jakina zen PP oso bazterrekoa zela, baina izan dituzten emaitzak [11 parlamentaritik hirura jaitsita] erridikulua dira; Xavier Garcia Albiol zerrendaburua bera seigarren indarra baino ez da izan bere hirian, Badalonan». PPren estrategia ikuspegitik, «zilegitasun arazo larri bat» antzematen du Sanjaumek PPren proiektuan: «Legalitateak, judikaturak... beren prozesua dute eta martxan dira, baina auzia epaileen esku uzteko estrategiaren gabeziak agerian geratu dira».

JPC-REN MEZU «SOILA»



Beste sorpresa bat, Bartomeusen ustez, Junts Per Catalunya ERCren aurretik geratu izana da: «Mundu guztiak uste zuen Puigdemonten hazkundea etenda zegoela, baina ERCren aurretik geratu izanak eztabaidaezina egiten du haren lidergoa eremu subiranistan». Horrek «lidergo krisia» eragingo du ERCn: «Presidente legitimoaren elementua oso ondo landu du JPCk, eta ERC ezin zen horrekin lehiatu. Zer esango duzu, ez dela legitimoa? Maniobra horrek jokoz kanpo uzten zuen ERC». Anduizaren hitzetan, JPCk «kapitalizatu du Katalunian onarpenik apenas duen 155. artikuluaren ezarpena». Hautesleek «ildo gogorrak» hautatu dituzte bi multzoetan, Bartomeusen iritziz, eta, «paradoxikoki», PDECat jo dute gogortzat, ERC baino gehiago: «Huts egin zuten kanpaina leun bat proposatzean».

Ildo gogorrez gain, C's eta JPCren garaipena boto baliagarriarekin lotzen du Sanjaumek, inkestek ez baitzuten hori behar bezala aurreikusi: «Bi blokeetan dago boto estrategiko bat; Ciutadansen aldekoa unionismoan eta JPCren aldekoa independentismoan. Apustu irabazlearen bila zegoen boto emailea; Puigdemonten lidergoa aintzat hartuta, ondorioztatu zuen hura zela apustu onena». Zergatik? JPCren mezua «oso soila» zelako: «Puigdemont, gure presidentea. Epe motzeko estrategia izan edo ez, ona edo ez, denek ulertzen dute. ERCk, aldiz, hautagaia espetxean duela, diskurtso konplikatuagoa osatu du: errepublika egingo duen gobernu independentista bat osatzea, presidentea itzultzea, baina presidentea besteen hautagaia da... konplexutasun horrek zigortu ditu».

Hala ere, ez du ulertzen ERCren hauteskunde gaueko ezkortasuna: «Inoizko emaitzarik onenak izan dituzte, eta ezkerreko independentismoak, ERC eta CUP batuta, zentro-eskuineko independentismoak baino emaitza hobeak izan ditu. Batzuek esaten dute nazionalismoak burgesak direla, baina deigarria da nola ezkerrak prozesu independentistan lortu duen gehiengo hori».

EZKERRA, EZINEAN



Hortaz, blokeen logikak bere horretan jarraituko duela dirudi; are gehiago Catalunya En Comu-Podem- 11 parlamentaritik zortzira jaitsita eta erabakigarria izateko gaitasunik ez izanda. Sanjaumeren iritziz, ERCk JPC gainditu izan balu botoetan eta ordezkarietan, izango zukeen argudioa bloke independentistaren lidergoa hartzeko «eta, agian, apur bat gehiago balioan jartzeko ezker-eskuin ardatza; kanpainan zehar ezkutuan egon den ardatz hori berreskuratzeko, gauza batzuetarako En Comu-koei eskua luzatzeko... aritmetikak laguntzen ez badu ere. Bide motza izan zezakeen, baina aritmetikak galarazten du maniobra hori posible izatea». Hipotesia aipatzearekin batera baztertzen du Anduizak ere: «Ezkerreko balizko koalizio transbertsal bat osatzea oso zaila zatekeen zenbakiek posible eginez gero, baina emaitzokin, hori matematikoki ezinezkoa da».

Konplexua da jokalekua: erabakitzeko eskubidea modu adostuan gauzatzearen aldeko indarrek gehiengo zabal bat osatzen dute, baina Madrilek uko egiten dio hori adosteari, haren zain egon gabe erreferenduma egin da, independentistek gehiengo absolutua dute parlamentuan baina ez dira %50era iristen. Bartomeusek zabalik ikusten du hauteskundeen ondorengo panorama: «Gehiengo independentista bat dago, baina ikusteke dago gehiengo hori efektiboa izan daitekeen, aintzat hartuta batzuk preso edo kanpoan daudela». Puigdemont inbestidura saiora aurkeztuko den, indar independentistak saiatuko diren Comu-koak erakartzen... «dena dago jakinkizun».

(DIS)TENTSIO GARAIA



Tentsioak goia jo du? Bozak igarota, distentsio aro bat dator? Edo zenbakiek eta prozedura judizialak areagotu egingo dute tentsioa? Epe motzera, ezkor da Sanjaume: «Tentsioak jarraituko du, estatua transatlantiko bat delako, PPk ez badu ere gehiengo parlamentarioa Espainiako Kongresuan. Ez du gehiengo sendorik. Baina soilik zuzenbide estatuaren pisuan oinarritzen den estrategia baten norabidea aldatzea, zuzenbide estatuaren beraren aurkako osoko zuzenketa bat da, Madrilen logika berean».

Ezkor Anduiza ere: «Gehiengoa izan bai, baina espetxean edo erbestean dauden hautetsiek zail lukete modu erregularrean jardun parlamentarioan parte hartzea. Gobernabideak zaila dirudi, baina Kataluniako auziaren irtenbide batek inoiz baino urrunago egotearen itxura ematen du». Epe ertainera, «blokeo» egoera bat iragartzen du Bartomeusek. Ez du distentsiorako aukerarik ikusten. «Distentsioa ez da ona ezein aktore nagusirentzat. JPCk eta C's-ek baliatu egin dute tentsioa, ez dute horretarako pizgarririk». Ezta Espainiako Gobernuaren aldetik ere, bere iritziz: «Oso garbi izan duen estrategian atzera eginez gero, badirudi etsi egiten duela».

BIDE ORRI BERRI BAT



Orain, independentismoari dagokio hausnarketa egitea, Sanjaumeren hitzetan: «Bilatu behar du diskurtso bat egiazko posibilitateetara egokitzen dena. Gobernu legitimoaren berrezarpenaren diskurtsoa bide motzekoa da. Estatuarekiko desafioa manten daiteke, baina horrek jazarpen kostu izugarriak ditu». Alderdi independentisten ekintza batasuna zailago ikusten du gaur-gaurkoz: «Hiru talde parlamentario daude, eta CUP Junts Pel Si-tik urrunago ikusten dut orain 2015eko irailean baino; uste dut mantenduko duela aldebakartasunaren diskurtsoa, errepublika egiazko egitearena, kaleetako borrokarena... baina independentismoaren gehiengoak norabidea aldatu eta estrategia aldatu nahi badu autonomia gobernatzen saiatzeko, CUPen babesa arriskuan egon daiteke, eta gobernuak ez luke gehiengo absoluturik».

«Pragmatismoaren bidea» aintzat hartu beharrekoa dela iruditzen zaio: «Alegia, erakundeak berreskuratuko dituen gobernu bat osatzea. Funtsean, autonomia kudeatzea. Hori ez da askoren gustukoa izango. Independentismoak lanean jarrai dezake kalean, baina instituzioetan ikusi behar du ezin dela independentzia lortu finantzak Madrildik kontrolatuak badituzu eta Generalitaterik ez baduzu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.