Juridikoki arriskurik ez, printzipioz

Eutanasia arautzeko legeak prozedura hori zigorgabetuko du, eta badira segurtasun juridikoz jardun ahal izango dutela uste duten osasun profesionalak. Kontzientzia eragozle izateko aukera ere jasotzen du, eta hori gauzatzeko baliabideak ere ikusi dituzte zedarrituta testuan.

Maria Ortega Zubiate
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Eutanasia arautzeko proposamenen inguruan, bioetikarekin lotutako galderak sortzen dira maiz: pazienteei hiltzen laguntzea etikoa ote den, horixe da halakoetan eztabaiden muina. Orain, behin legeztatuta, Hego Euskal Herrian prozesuan bertatik bertara parte hartuko duten osasun langileen kasuan, ordea, bestelako kezkak ere gailendu dira: legea onartu dute, baina lege horrek osasun langileak babestuko ditu edozer gerta ere?

«Sendagileak lasai egon daitezke»: halaxe erantzun du Jon Pellejero Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko abokatuak galdera. Eta bere erantzuna zehaztu du: «Beti egon daitezke arazoak; legeek beti izan ditzakete arazoak, dena ezin delako kontrolatu, baina, lege honen kasuan, bermeak handiak direla uste dut». Harekin bat dator Cosme Navera Bizkaiko Medikuen Elkargoko presidentea: «Legeak berme asko ditu, bai pazientearentzat, bai osasungilearentzat. Oso zehatza da; batzuetan larregi ere izan daiteke, baina horrelako lege baten kasuan, hobeto da horrela izatea». Bien esanetan, eutanasiak martxan jartzeko bete beharreko irizpideak aski zorrotzak dira, eta, gero, gainera, aparteko batzorde batek onespena eman behar dio eskaera bakoitzari; horiexek bermatzen dute osasun profesionalek legearen babesa izatea.

Iritzi hori bera dute osasun profesionalen beste hainbat elkartetan —ez guztietan—, baina dudak ere badira: legeak aurretiazko borondateen agirien bidezko eskariak ere onetsi izanak, esate baterako, zalantzak sortu ditu osasun profesionalen artean. Naverak ere uste du kasu horietan «egoera katramilatsuak» sor daitezkeela, hortxe egon daitekeela legearen eremu labainkor bat. Pellejerok onartu du agiri horiei lotuta abiatu daitezkeen prozedura mota horiek arazoen iturburua izan direla jada eutanasia onartuta duten herrialdeetan. Hala ere, aitortu du ezinezkoa dela lege batek «dena barnebiltzea», eta kasuan-kasuan aztertu beharko direla eskabideak, dituzten ñabardurak ondo aztertuta. Dena den, ez da ausartzen esaten legearen hautu horrek osasun profesionalen aurkako auzibideak ekar ditzakeen. Argi du, Naverarekin batera, halako gorabeherak eragozteko oso garrantzitsua izango dela aldez aurretik idatzitako testu horiek oso ondo landuta egotea, paziente bakoitzak izan ditzakeen beharretara ahalik eta ondoen egokituta: «Interpretaziorako tarterik egon ez dadin».

Kontzientzia arazoak

Eutanasia arautuko duen legea berria da, baina badu aurrekari garrantzitsu bat, batez ere eztabaida etikoaren ikuspegitik: abortuaren legea. Hego Euskal Herrian lege hori onartu zutenean ere eztabaida handia sortu zen gizartean, eta baita osasungintzan bertan ere, eta, lege hartan egin zen era berean, kontzientzia arazoak tarteko, prozedura horiek egin nahi ez dituzten osasun langileen egoera aintzakotzat hartu da lege honetan ere: kontzientzia eragozle izateko aukera eman die.

Horretarako, osasun langileek osasun sistemei jakinarazi beharko diete beren erabakia, eta kontzientzia eragozleen zerrendan sartuko dituzte. «Legeak onartu egin behar du sendagileek aukera izatea kontzientzia eragozleak izateko, eta ezin ditu derrigortu prozesua egitera», azaldu du Pellejerok. Hala ere, osasun sistemek paziente orori eskaini behar dizkiete prozesuen ardura hartuko duten profesionalak. Pellejerok uste du horretan ez dela arazorik egongo.

Medikuntzako egungo kode deontologikora begira ere piztu dezake zalantzarik eutanasiak: bateragarria ote den. Izan ere, jasotzen du osasun langileek pazienteen bizia zaindu behar dutela betiere. «Hain justu, egungo kodean jartzen du medikuak ezin duela pazientearen heriotza erraztu, berak horrela eskatzen badio ere», onartu du Naverak. Kode hori oraindik moldatzen ari badira ere, eutanasiaren legea bilduko duela uste du, «abortuarekin gertatu zen bezala». Hark argi du: «Kode deontologikoa medikuen lana baldintzatzen duen araua da, baina legea horren gainetik dago. Kode deontologikoa ezin daiteke inoiz legearen aurka joan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.