Albistea entzun

Elkargoko talde politikoek baliabide material eta humanoak izango dituzte

Bil Gaiten-ek eta Elkarrekin Herriarentzat-ek kolaboratzaile bana enplegatzeko era izango dute
Etxegarai bere lehendakariordeez inguratua, atzo, Baionan.
Etxegarai bere lehendakariordeez inguratua, atzo, Baionan. PATXI BELTZAIZ Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2023ko maiatzak 14 - Baiona

Euskal Hirigune Elkargoak talde politikoei baliabide material eta humanoak ematearen alde bozkatu du. Bil Gaiten eta Elkarrekin Herriarentzat taldeek 85.000 euroko diru saila izanen dute kolaboratzaile bana enplegatzeko. Funtzionamendu gastuei buru egiteko baliabideak ere izanen dituzte: Bil Gaiten-ek, 19.800 euro urtean, eta Elkarrekin Herriarentzat taldeak, 27.600. Eztabaida sortu du proposamenak: Jean Rene Etxegarairen hurbilekoek zalantzan jarri dute talde politikoen jarduna, baina instituzioaren izaera eta funtzionamendua izan dira erdigunean.

Abenduan osatu ziren ofizialki talde politikoak elkargoan. Bil Gaiten taldeak EH Bairen inguruko hautetsi gehienak batzen ditu, baina denek ez zuten bat egin ekinaldiarekin. Ondoan, «ildo ezberdinetako hautetsiak biltzen dituen» etiketa politikorik gabeko «talde askotariko» gisa aurkeztu da Elkarrekin Herriarentzat. Bi taldeek behin baino gehiagotan azpimarratu dute ez direla aurkezten Etxegarairen politikaren oposizio gisa. Hala ere, kritika zorrotzak plazaratu izan dituzte orain arte indarrean den funtzionamenduari buruz, baita zenbait erabakiri buruz ere, hala nola finantza eta fiskalitate arlokoak.

Nicole Etxamendi Itsasuko (Lapurdi) axuantak eta Peio Etxeleku Kanboko (Lapurdi) hautetsi eta Errobi lurralde eremuko erreferenteak hartu zuten hitza atzoko batzarrean, talde bakoitzaren izenean. «Eztabaida ez da talde politikoen alde edo kontra bozkatzea, talde horiei funtzionatzeko baliabideak ematea baizik», esplikatu zuen Etxamendik. Taldearen helburua hautetsien elkarlana bultzatzea dela erran zuen.

Hautetsiek elkargo batzarrei begira izaten duten lan zama aipatu zuen. «Zuetako bakoitzak badaki zer den». Azken asteetan Etxegarairekin eta zerbitzuekin izandako harremana eskertu zuen Etxamendik. Bat egin zuen mezuarekin Etxelekuk ere. «Baliabide horiek zinez beharrezkoak dira gure taldeek lan egiteko aukera izan dezaten».

Berdintasun printzipioa

Martine Bisauta lehendakariordeak talde politikoen eratzeari buruzko desadostasuna azaldu zuen. «Badu gastu bat elkargoarentzat, lurraldearentzat iniziatibak ordaintzeko zailtasunak ditugun garai honetan. Hori da lehentasuna?». Elkargoko exekutiboari finantzei buruz egin izan zaizkion kritikekin parekatu zuen. «Dirua nolanahizka gastatzea leporatzen diguten berak dira taldeentzat dirua eskatzen dutenak». Talde politikoak «presio taldeak» direla erran zuen, gibelean alderdi politikoak dituztela.

«Berdintasun printzipioaren» inguruan aritu ziren ondotik. Anne-Marie Nadaud hautetsiak aipatu zuen, taldeei baliabideak emateak hautetsiei baldintza beretan lan egitea ahalbidetuko diela erranez. Argumentuaren kontra egin zuten Joseba Erremundegik eta Colette Capdeviellek: «Hautetsi batzuek baliabideak izateak eta beste batzuek ez izateak desberdintasuna sortuko du». Arnaud Fontain hala mintzatu zen: «Bistan dena berdintasun printzipioa atxikitzen duela. Gutako edonork badu aukera talde politiko gisa eratzeko».

Elkargoaren izaeraz ere aritu ziren: sufragio unibertsalik ez denez hautetsiak herrietako ordezkariak direla oroitarazi zuen Sauveur Bachok, eta «dudakor» agertu zen talde politikoen osatzeaz. Funtzionamendu «arazo bat» dela uste du: «Ez genuen ikusia». 158 herrirekin instituzio bat demokratikoki funtzionaraztea «zaila» dela azaldu zuen.

Hizkuntza politika

VII. Inkesta Soziolinguistikoak erakutsi dituen datuak gogora ekarrita, euskararen eta gaskoiaren egoerari buruz «kezka» agertu zuen Egoitz Urrutikoetxeak Bil Gaiten taldearen izenean. «Egungo hizkuntza politikarekin jarraitzen baldin badugu, Euskal Konfederazioak egindako prospekzioen arabera, 2035ean %15era jautsiko da euskal hiztunen proportzioa», iragarri zuen. EEPren aurrekontua bikoizteko beharra nabarmendu zuen, eta aitzinatzeko eskatu zion elkargoari. Etxegaraik azpimarratu zuen elkargoa sortu zenean diru ekarpena laukoiztu zutela beste erakundeen mailara iristeko. Antton Kurutxarri hizkuntza politikarako lehendakariordeak erran zuen bat egiten duela Urrutikoetxearen erranekin: «Lanean ari gara hemen, elkargoan, baita beste instituzioekin ere, EEPren galderei erantzuteko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Martxelo eta Amagoia: lekuko aldaketa

«Kazetaritza egitea: hori da gure funtzioa»

Arantxa Iraola

Neurria ondo hartua diote elkarri. Otamendik 30 urte egin ditu zuzendari; Mujikak erredakzioko taupaden erritmoan egin du lan ibilbidea, eta, orain, arduraz hartu du zuzendari izateko «erronka». BERRIAren 20. urteurrenarekin batera dator aldaketa, egunkaria berritzeko ahalegin betean.
Martxelo Otamendi, Amagoia Mujika Tolaretxipi eta Beatriz Zabalondo ondoan dituela, atzo. ©JON URBE / FOKU

Amagoia Mujika Tolaretxipik hartuko du Martxelo Otamendiren tokia

Jon Ordoñez - Arantxa Iraola

Erretiroa hartuko du Otamendik, 30 urtean 'Euskaldunon Egunkaria'-ren eta BERRIAren gidaria izan eta gero. Hedabide bietan zaildutako kazetaria da zuzendari berria; zuzendariorde egin ditu urteok
RD-936 errepidea, Beskoitze (Lapurdi) parean. ©BERRIA

Bi lagun hil dira Beskoitzen, trafiko istripuan

Berria

Motorrean zihoazen biak, eta traktore baten kontra talka egin dute. Atzo arratsaldean gertatu zen ezbeharra.

Lasterbidean lasterketako korrikalariak, atzo, Villabona-Amasan. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Lasterbidean egin dute, euskal presoen eskubideen aldeko lasterketa

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Pertsona ugarik egin dute korrika Villabona-Amasan; hainbat kontzertu ere egin dituzte. BERRIA izan da lasterketaren laguntzaileetako bat

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.