Koronabirusa

Etxeko langileek eta aldi baterakoek gaurtik eska ditzakete subsidioak

Kotizazio oinarriaren %70 da etxeko langileentzat. 430 euroko ordain bakarra aldi batekoentzat

Irune Lasa.
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Martxoaren 31n onartu zituen Espainiako Gobernuak eta apirilaren 2an jarri ziren indarrean; koronabirusa zela-eta aparteko sariak izango ziren lanik gabe geratutako etxeko langileentzat eta subsidiorako eskubiderik gabeko aldi baterako langileentzat. Baina beharginek orain arte ezin izan dute laguntza berezi horiek eskatu, ez zegoelako ezarrita haiek eskatzeko prozedurarik.

BOE Estatuko Aldizkari Ofizialeko bi ebazpenek zabaldu dute orain bidea, subsidioak jasotzeko baldintzak ezarrita, eta beharginek gaurtik aurrera egin ahalko dute eskaera. Subsidioa eskatzeko hilabete itxaron ostean, eskaria onartzen bazaie, beharginok beste hilabete bat itxaron beharko dute dirua jasotzeko; zehazki, eskaria onartu eta hurrengo hilaren 10era arte.

Etxeko langileak

Alarma egoeraren aurretik etxeko langileen erregimen berezianzeuden etxeko langileek subsidioa eska dezakete kasu hauetan: murriztu egin baldin bazaie lanaldia, edo zerbitzua eskaintzen zuen etxeetakoren batean edo guztietan lan egiteari utzi behar izan badiote. Eskaera egiteko, etxeko langileak lanaldia murriztu dioten edo kaleratu duten enplegatzaile guztien ardura adierazpenak aurkeztu behar ditu, zeintzuetan zenbat ordaintzen dioten agertu behar duen,

Kaleratzeagatik edo lanaldi murrizketagatik jasotzeari utzi dion oinarri kotizagarriaren %70aren adinakoa izango da saria, betiere aurreko hilabetea hartuz aintzat. Kasu batean zein bestean, subsidioaren diru muga lanbide arteko gutxieneko soldataren 950 euroak izango dira. Etxeko langileentzako laguntza ez da bateragarria izango aldi baterako ezintasunarekin. Ezingo da eskatu langileak ordaindutako baimen berreskuragarria izan badu, edo eskaera egin osteko lanetatik lortutako diru sarrerek, subsidioarekin batera, gutxieneko soldataren zenbatekoa gainditzen badute.

Ebazpenaren arabera, laguntza hilaren 10ero jasoko dute, baina enplegu zerbitzuak hiru hilabete ditu eskaera onartu ala ez erabakitzeko. Eskaera onartu eta hilaren 10ean ordainduko dira ere lanaldia murriztu edo lana galdu geroztiko atzerapenak.

Aldi baterako langileak

Langabezia saria jasotzeko nahikoa kotizatu ez eta alarma egoeran kontratua amaitu zaien aldi baterako langileentzat, oraingoz, subsidio berezia hilabete bakarrekoa izango da; hots, ordain bakarra izango dute, 430 eurokoa, Espainiako Gobernuak ez badu laguntza denboran luzatzea erabakitzen. Eskaera egiteko, langileak BOEn argitaratutako ebazpenean dagoen eredua aurkeztu beharko du.

Ordain bakar hori jaso ahal izateko, aldi baterako langileak gutxienez bi hilabete egin behar izango ditu lan, kontratua amaitu aurretik. Iraupen jakineko kontratuak dira aintzat hartzen direnak, bitartekoak, formakuntzakoak eta errelebokoak. Laguntza ez da izango bateragarriak administrazio publikoek emandako inolako gutxieneko errentekin edo antzekoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.