Albistea entzun

Literatura. 'Mamu eratortzeko moduak'

Mamua galdekatzeaz

Idazlea: Juanjo Olasagarre. Argitaletxea: Elkar.

Asier Urkiza -

2021eko azaroak 28

Juanjo Olasagarreren laugarren nobela da Mamu eratortzeko moduak, 2020ko Joseba Jaka bekaren bidez argitaratua. ETAk hildako emakume gazte bat da protagonista, hilen artetik bizitzara itzulia. Mamu bat da Itziar Amezaga, eta iraganean bidaide izan zituen horiengana joko du, hala nola Josu neba, Ander mutil lagun ohia, bere heriotzaren erantzule den Jon Ander etakidea... Jon Anderrek ere badu bere partea kontakizunean, bera ere mamu, biziduna izanagatik ere. Baita Merche izeneko emakumea ere, atentatuan Itziarrekin batera hildako guardia zibilaren alarguna.

Egitura aldetik nobela konplexu samarra da. Izatez, narrazioa Sara Carcamo erdal idazlearen ariketa autofikzionala da. Carcamok Eusko Jaurlaritzaren beka batera aurkeztu du testua. Hain zuzen, autoreak —esan nahi baita, Olasagarrek— deialdi horren agiri administratiboak eta idazleari argitalpenaren ondotik egindako elkarrizketa bat txertatzen ditu, nobelari artefaktu literarioaren itxura emanez. Ezaugarri metaliterarioak ere igartzen zaizkio, euskal literaturak euskal gatazkaz aritzean leuzkakeen eginkizunez ere gogoetatzen baita, gaiak eman duen emaitza literarioen errepasoa egiteaz batera. Erdal idazle bati hitza emateak eduki lezakeen ironia kutsuarekin, gainera. Olasagarrek, Carcamoren laguntzaz, biktima eta biktimarioa jartzen ditu parez pare, bata bestearen mamu, elkarren itzal. Itziarren presentziak Jon Ander estutzen du, haren mendeku goseak zainak gorrotoz bete. Horrek esnatuko du kartzelatik atera ondorengo lozorrotik, horrek akuilatuko du iraganeko itzalei gordinki aurre egitera. Itziarrek bultzatuko du, halaber, mamuen mundua beso zabalekin besarkatzera, behin mundu honetako zorrak kitatuta. Biktima-biktimario binomioa apurtu egiten da orduan, Jon Ander ere biktima gisa agertzen denez. Hiltzeagatik biktima. Bizi osorako kondena.

Sara Carcamoren elkarrizketan aipatzen da, nire ustez, eleberriaren gakoetako bat. Jacques Derridaren hauntology kontzeptua dakar autoreak. Orainaldia ulertzeko mamuak galdekatu behar direla defendatu zuen Derridak, horrek gaur egunean kokatzen lagun gaitzake-eta. Irudizko adieran ez ezik, literalki ere gauza daiteke hori. Gatazkaren gorputzak. Itziar Amezaga hesteei ezin eutsita, bonba jartzerakoan hildako etakidea, tiroz jotako burezurra. Oso fisikoa da tarteka kontakizuna, autorea materialtasun horren garrantzia azpimarratu nahian ari balitz bezala. Bestalde, mamuen gisan, oharkabean igaro diren biktima horiengan ere ezartzen du fokua hauntologiak. Merche alargunaren hitzetan gatazkaren barruko bestelako gatazkei erreparatzeko beharra sumatzen da, gizonen emakumeekiko dominazioa, kasu. Akaso, Mercheren senarraren kontrako konplotaren azpi-bilbeak aldendu nau zertxobait narraziotik —nahiz eta biktima izaera problematizatzea helburu duela ulertu—, baina ezin ukatu proposamenaren jite berritzailea, nagusiki forman eta kontaeran. Aurrekari bakanei segida emanez —Twist gogoangarria—, mamuen istorioekin dator Olasagarre, mamuak bizidunak seinalatzeko, bizitzaz hitz egiteko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kukai Dantza konpainiaren eta Euskadiko Gazte Orkestraren <em>Eta orain zer?</em> emanaldiaren aurkezpena, atzo, Donostiako Kursaalean. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU
Mikele Landa Eigurenen <em>Noizko basoa</em> filma. ©ZINEMALDIA

Euskarazko bi lan izango dira Zinemaldiko Nest saria lortzeko lehian

Iñigo Astiz

Hamahiru film labur hautatu dituzte guztira; tartean dira Nagore Muriel Letamendiaren 'Erro bi' eta Mikele Landa Eigurenen 'Noizko basoa'

 ©Quartetto Maurice
Aroa Uharte. ©Iñigo Uriz, Foku

Zoriz mundu bat zabaltzea

Ainhoa Sarasola

Errumaniara eraman zuten Arte Ederretako ikasketek, eta Bartzelona, Mosku eta San Petersburgora, gero, eslaviar hizkuntzek zein errusiar literaturak sortutako lilurak. Errusieratik euskarara hiru liburu ekartzea izan da bidaia horren azken nasa, oraingoz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...