Koronabirusa

Nafarroako positibo tasa %5,8an dago, OMEk ezarritako mugatik gertu

Azken bi hilabeteetako kutsatu kopururik apalena izan da Nafarroan. Hego Euskal Herrian beste 1.079 positibo izan dira, eta 68 gaixo ospitaleratu dituzte. Jaurlaritzak dio «transmisioa oso handia» dela

Neurri murriztaileek indarrean jarraituko dute oraingoz; irudian, foruzain bat, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Lurraldez lurralde egoera aldakorra bada ere, azken egunetako datuek erakusten duteHego Euskal Herriko bilakaera epidemiologikoak beheranzko joera hartu duela. Bereziki, eta modu oso nabarmenean, Nafarroan. Datu batek ematen du jaitsieraren neurria: egindako PCRen positibo tasa %5,8 da, Nafarroako osasun agintariek atzo jakinarazi zutenez. Aurreko egunekoa baino hiru puntu txikiagoa da hori: %8,8koa zen igandean. Nafarroako beheranzko joera sendotzen ari den seinale da datua, eta erakusten du lurraldea OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurritea kontrolpean egoteko ezartzen duen gehieneko tasara hurbiltzen ari dela: OMEk %5ean jarria du gehieneko tasa hori. Positibo tasak lotura zuzena dauka atzemandako kasu kopuruarekin, eta astelehenean azken bi hilabetetako positibo gutxien zenbatu zuten: 136, bezperan baino sei positibo gutxiago. Azken bi hilabeteetako daturik apalenada. Irailaren 2tik ez zegoen horrelako kutsatu kopururik txikirik. Nafarroako Gobernuak COVID-19aren aurkako neurri murriztaileak abenduaren 18ra arte luzatzeko erabakia hartu ondotik jakin dira datuok.

Hego Euskal Herrian, oro har, oso motela izaten ari da jaitsiera.Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, astelehenean 12.994 PCR eta antigeno proba egin zituzten—bezperan baino 1.013 gehiago—, eta horietatik 1.079 positibo izan ziren (136 gehiago): Nafarroan detektatu zuten positibo gutxien, 136; Araban, berriz, 146 izan ziren positiboak; Bizkaian, 375, eta Gipuzkoan, 411. Araban eta Gipuzkoan egin dute gora positiboek: Araban, bezperan baino 73 kasu gehiago izan dira, eta Gipuzkoan,104 positibo gehiago atzeman dituzte.

Azken egunetan positiboen transmisioa apur bat moteldu bada ere, gorriz jarraitzen dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoak: transmisio oso handiko eremuak dira. Azken bi asteetako intzidentzia metatua hau da: 816,63 kutsatu 100.000 biztanleko. Edonolaere, egunez egun, beheratzen ari da kopuru hori. Eta baita oinarrizko birsorkuntza tasa ere, laugarren egunez %1etik behera kokatu baita: %0,89 da azken eguneratzean. Positibo tasak apur bat gora egin du, ordea. Eusko Jaurlaritzako osasun agintariek emandako datuen arabera,%8,9 da positibo tasa, igandean baino puntu bat handiagoa.

Iragan bizpahiru asteetan kutsatu eta larri gaixotu zirenak orain ari dira ospitaleetan artatzen, eta, beraz, oso handia da oraindik erietxeen gaineko presioa. Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dute COVID-19 gaitza duten beste 69 gaixo ospitaleratu zituztela astelehenean. Guztira, 909 gaixo daude koronabirusarekin Hego Euskal Herriko erietxeetan:horietatik 198 ZIUetan, eta 711 gela arruntetan.

Azken 24 orduetan, beste bi pertsona sartu dira ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, baina beste lau atera egin dira unitate horietatik; beraz, bezperan baino bost lagun gutxiago daude orain ZIUetan. Bestalde, Osasunbideak jakinarazi du hiru pertsona hil direla koronabirusaren ondorioz: 85 urteko bi emakume eta 75 urtekogizonezko bat.

Neurriak, abendura arte

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak onak izatetik «urrun» daudela nabarmendu zuen atzo Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, transmisioa «handia» delako oraindik ere. «Transmisio handia eta gogorra daukagu, eta oso urruti gaude egoera normal batera bueltatzeko beharko genituzkeen datuetatik. Beharrezkoa da tentsioari eustea eta duela hilabete batzuk izan genuen eraginkortasun txikiagoko egoerara bueltatzea».Haren ustez, 100.000 biztanleko 60 kasura iritsi nahi bada, «neurri zorrotzak» hartu beharko dira.

Babes zibileko EAEko Labi planaren aholku batzordeak bihar du bilera, eta, Zupiriak atzo iradoki zuenez, egun indarrean diren neurriei eutsiko diete. Osasun datuak, egoera epidemiologikoa eta orain arteko neurrien eraginkortasuna aztertuko dituzte bilera horretan, eta, Jaurlaritzako eledunak aurreratu zuenez, gutxienez abenduaren hasiera arte luzatuko dituzte neurri murriztaileak.

Bestelako neurri baten berri ere eman zuen Zupiriak atzo: lan eremuan kasuak eta harreman estuak kontrolatzeko programa bat abiatuko du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, Osalanek lan hori egiteko hamabi pertsona gehiago kontratatuko ditu; prestakuntza tekniko epidemiologikoa izango dute, eta aztarnari lanak egingo dituzte lan eremuan izaten diren kutsatzeen eta gaixotasunen jarraipena egiteko. Gaur egun, Osalaneko arlo ezberdinetako 50 pertsona ari dira lan horretan. Jaurlaritzak aitortu du «iritsi ezinik» ibili izan direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.