Albistea entzun

Autonomoen kotizazioak 184-1.267 eurokoak izatea nahi du Madrilek

Kotizazio sistema berria diru sarreren araberakoa izatea proposatu die eragileei. Sistema datorren urtean jarriko litzateke martxan
Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroa, artxiboko irudi batean.
Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroa, artxiboko irudi batean. ZIPI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2022ko urtarrilak 15

Espainiako Gobernuak autonomoen kotizazio sistema eguneratzeko proposamen berria jarri du mahai gainean. Goitik behera aldatu nahi du gaur egungo eskema, norbere konturako langileek Gizarte Segurantzari egiten dizkioten ekarpenak diru sarreren araberakoak izan daitezen. Gaur egun, autonomo bakoitzak aukeratzen du Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuota, eta gehiengoak gutxieneko oinarriaren arabera kotizatzen du, nahiz eta gehiago ordaintzeko gaitasuna izan. Sistemak sortzen duen desoreka horri aurre egiteko, bada, 184-1.267 euroko kotizazio kuotak ordaintzea proposatu du.

Gobernuak eragileei aurkeztu dien proposamenaren arabera, eskema berriak hamahiru kotizazio oinarri izango lituzke, hilean 600 euro baino gutxiago irabazten dutenetatik hasi, eta 4.050 euro baino gehiagoko irabaziak dituztenetara. Horren araberakoak izango dira kotizazio kuotak ere; hau da, hilean 184 euroko gutxieneko kuota izango lukete diru sarrera gutxien dituztenek, eta 1.267 eurokoa azken zatian aurreikusitako muga gainditzen dutenek.

Malgutasunez jokatzeko prest agertu da, halere, Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroa, onartzen baitu autonomo baten jarduera ekonomikoak gorabehera handiak izan ditzakeela hilabete batetik bestera. Horregatik, langileak aukera izango luke urte osoan kotizazio oinarria aldatzeko: gehienez ere sei aldiz urtean. Modu horretan, diru sarrera handienak eta txikienak lortzen diren garaietara egokitu ahal izango lirateke kotizazioak ere. Prestazioak ere unean uneko kotizazioaren arabera egokituko lirateke.

Gutxieneko tarifa lauari ere eutsi egingo zaio, baina, orain ez bezala, soilik gutxieneko soldata baino diru sarrera txikiagoak dituzten langileek izango dute tarifa hori ordaintzeko aukera. 70 euroko tarifa izango da, eta gehienez ere bi urteko iraupena izango du; izan ere, helburua da autonomo hasiberriei bidea erraztea.

2023rako martxan

Plana 2023rako indarrean egotea nahi du Madrilek, baina eskema berria pixkanaka egokituko litzateke 2031ra bitarte. Hau da, aldaketa mailakatua izango da: hurrengo bederatzi urteetan jaitsiz joango da diru sarrera gutxien dituztenentzat, eta igoz, aldiz, gehiago irabazten dutenentzat.

Gobernuak azaldu du, hala ere, proposamen bat besterik ez dela, eta negoziatzeko prest dagoela, baita kuoten zenbatekoa aldatzeko ere. Hala ere, uste du sistema «justuago» baten beharra dagoela; izan ere, gaur egun, gehienek gutxieneko oinarriaren arabera kotizatzen dute, eta, beraz, diru kopuru bera ordaintzen dute gutxieneko soldata baino diru sarrera txikiagoak dituztenek eta nabarmen gehiago irabazten dutenek.

Hain zuzen ere, plana dagoen bezala onartuko balitz, Espainiako Gobernuak adierazi du hiru autonomotik bik gutxiago ordainduko dutela sistema berriari esker. Hilean 600 euro baino gutxiago irabazten dutenek, esaterako, 1.300 euro gutxiago ordainduko liokete urtean gizarte segurantzari; 600-900 euroko sarrerak dituztenek, berriz, 600 euro gutxiago. Horrek bide emango lieke, gainera, prestazioak ere kotizatutakoaren araberakoak izateko.

Aurreko urteko maiatzean egin zien lehenbiziko proposamena autonomoen elkarte nagusiei eta gizarte eragileei, eta orduan proposatu zien 90-1.220 euroko kuotak pagatzea. Datorren astean jarraituko dute negoziatzen bi aldeek. Izan ere, kotizazio sistema eguneratzea, Toledoko Itunean jasota dagoen konpromisoetako bat izateaz gain, Madrilek Bruselarekin hitzartuta daukan erreformetako bat da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Manifestari bat 'Hozkailua hutsik, etsipen indarkeria' mezua erakusten, sutan dagoen kiosko baten ondoan, atzo, Parisen ©MOHAMMED BADRA / EFE

Istilu larriak Frantzian, manifestazio handien egunean

Berria

Herriko Etxeko ateari su eman diote Bordelen. 172 pertsona atxilotu dituzte gauean.

Artxiboko irudian, bi langile, makina batean lanean Basauriko Sidenor altzairutegian. ©LUIS TEJIDO / EFE

EH Bilduren enpresa eredua: langileen parte hartzeari eta lurraldeari lotua

Irune Lasa

Uste du Confebasken hegemoniak eragotzi egiten dituela halako ereduen aldeko ahotsak. Koalizioak asteartean aurkeztuko du industria politikarako bere proposamena
Josu Jon Imaz atzo Sprilurren 40. urteurren ekitaldian eman zuen hitzaldian. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Sintetiko litroa 1,15 euroan? Posible omen

Imanol Magro Eizmendi

Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak txalotu egin du Alemaniako eta Italiako gobernuek egin duten erregai sintetikoen defentsa, eta garestiak direla ukatu du.
Manifestariak Baiona iparraldeko autobidearen sarreran, atzo goizean. ©PATXI BELTZAIZ

Protestak ez du etenik

Ekhi Erremundegi Beloki

Baionako autobus sarea blokeatu dute grebalariek. Milaka pertsona elkartu dira protestan, eta Frantziako Poliziak negar gasa erabili du manifestarien kontra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...