Solidaria «zentro ezkerreko» alderdi berria aurkeztu dute Bilbon

PSE-EEko eta Ahal Dugu-ko zenbait kide ohik bultzatzen dute. Espainiako Gorteetarako zerrendak aurkeztuko dituztela iragarri dute

Solidaria alderdi berriko ordezkariak, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan, beste indar politiko bat lehiatuko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, abertzalea ez den ezkerreko botoa eskuratzeko. Solidaria izeneko alderdi berria aurkeztu dute Bilbon. Esan dutenez, aspalditik ari ziren proiektua mamitzen, maiatzeko udal hauteskundeak buruan, baina Espainiako Gorteetarako hauteskundeak aurreratu izanak behartu ditu epeak azkartzera, eta apirileko bozetan ere zerrendak aurkeztuko dituzte.

Solidariako buruzagirik ezagunena Unai Ortuzar da. 2007tik 2015era, PSE-EEko zinegotzi izan zen Lemoan (Bizkaia), eta 2017an, PSE-EEk hauteskunde primarioak egin zituenean, Berritu izeneko ildo kritikoaren hautagai izan zen idazkari nagusi izateko, Idoia Mendiaren hautagaitzaren aurrean. Orduan, kritiko agertu zen Mendiaren ildoarekin: Iñigo Urkulluren eta Andoni Ortuzarren «eskutik» joatea eta, EAJrekin ituna eginda, PSE-EE «desagerraraztea» leporatu zion. Orduko hartan, Mendiaren hautagaitza aise gailendu zen primarioetan.

Ortuzarrekin batera, Francisco Alvarez Barral PSE-EEko Ezker Sozialista ildoko bozeramaile ohia, Rafael Vaquero Erandioko (Bizkaia) Ganemos Erandio plataformako zinegotzi ohia eta Javier Lopez Ahal Dugu-ko kide ohia ere badaude alderdi berrian, orain arte independente izandako lagun ugarirekin batera.

Varufakis eredu

Alderdi berriak «zentro ezkerrekotzat» du bere burua, eta, nazio auziari dagokionez, esan dute ez direla «nazionalistak» eta federalismoaren alde egiten dutela. Nazioartean, Gianis Varufakis Greziako Finantza ministro ohiaren Europako Udaberria alderdia da haien erreferentzia nagusia.

Esan dutenez, haien asmoa ez da ezkerreko eremu politikoa are gehiago zatikatzea: «Gure borroka ez da PSE-EErekin edo Ahal Dugu-rekin», argitu dute. «Politikaren molde zaharrekin etsita daudenak erakarri nahi ditugu, eta abstentziotik botoak lortu».

Datorren astean lehenengo batzarra egingo du Solidariak, eta han erabakiko dute nortzuek osatuko dituzten hauteskunde zerrendak. Ziurtzat eman dute Espainiako Kongresurako eta Senaturako hautagaitzak aurkeztuko dituztela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; dena dela, argitu dute «nazio mailako alderdi» izan nahi dutela, eta kontaktuak dituztela Espainiako hainbat probintziatan, han ere zerrendak aurkezteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.