Hezkidetza «ikastetxe guztietara» zabalduko duela ziurtatu du Gimenok

Txibite lehendakariak jasoko du Unescok Skolaeri iaz emandako saria. Departamentuak xede izanen du «hezkuntza inklusiboa bermatzea»

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria, parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
«Hezkidetza ez da negoziagai». Esaldi horrekin, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak uxatu egin nahi izan ditu Skolae hezkidetza programaren inguruan sortutako zalantza guztiak. Gimenok agerraldia egin zuen atzo Nafarroako Legebiltzarrean, legealdi honetako ardatz nagusiak azaltzeko. Horien artean nabarmendu zuen hezkidetza, baina ez zuen azalpenik eman Skolaeko arduradun nagusi Pilar Mayoren kargugabetzeaz eta programa diseinatu zuten adituetako batzuek egitasmoa utzi izanaz. «Programa ez da gelditu. Proiektu pilotua eta ezarpena eginda, beste fase batean sartuko da orain: orokortzearena», esan zuen kontseilariak. Hartara, programa «diru publikoekin finantzatutako ikastetxe guztietara» zabalduko dutela ziurtatu zuen. Ez zuen eman, ordea, prozesu horren gaineko xehetasunik edo eperik.

Iragan ikasturtearen bukaeran, Unesco erakundeak iragarri zuen Skolae programak irabazi zuela Nesken eta Emakumeen Hezkuntzarako Nazioarteko Saria. Urriaren 11n emanen dute saria, Parisen eginen duten ekitaldian. Gimenok atzoko agerraldian azaldu zuenez, baina, sari banaketa horretan ez dira programaren sortzaileak izanen, Maria Txibite lehendakaria baizik: «Programari aitortza eta babesa adierazteko modu bat da lehendakariak berak saria jasotzea».

Hezkidetzaz gainera, kontseilariak azaldu zuen Hezkuntza Departamentuaren helburu nagusia izanen dela «eskola publikoa eta kalitatezkoa» sustatzea, eta «inklusibotasuna» bermatzea: «Bazterketa egoeran diren ikasleak modu orekatuan banatuko ditugu finantzaketa publikoa jasotzen duten ikastetxe guztien artean; errespetatzen dugu familiek ikastetxea aukeratzeko duten eskubidea, baina askatasun hori ezin da izan pertsona guztiak eskolatzeko eragozpen».

Gimenok gaineratu zuen, azkenik, udako ordainsaria pagatuko dietela behin-behineko irakasleei, eta horretarako «formula juridiko egokia» ezarriko dutela «lauzpabost hilabetean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.