Baja luzatzea ukatu diote bikotekiderik gabeko ama bati, «aitari dagokiolako»

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, prestazio hori guraso biko familiek soilik baliatu dezakete, eta «besterenezina da»

Nafarroako Probintzia Auzitegiaren egoitza, Iruñean, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Ion Orzaiz.
2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Amek ez dute. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du guraso bakarra den ama bati ez dagokiola erabiltzea guraso biko familia bati aitortzen zaion gurasotasun baimena. Auzitegi horretako Gizarte Gaietarako Aretoak ukatu egin dio ama ezkongabe bati amatasun baimena luzatzea —16 astetik 32raino— guraso biko familia batean «berez aitari dagokion» baimenaz baliatuta.

Nafarroako Auzitegi Nagusiak bere egin du Iruñeko 1. Epaitegiak aurretik emaniko ebazpena, eta baztertu egin du pertsona horrek jarritako helegitea, baina aitortu du beste erkidego batzuetako auzitegiek «kontraesanezko ebazpenak» argitaratu dituztela auzi beraren inguruan. Hala, bikotekideari aitortzen zaion baimena erabilita, amatasun baimena luzatzearen alde azaldu da EAEko Auzitegi Nagusia. Baita Madrilgoa eta Galiziakoa ere. Kontra, berriz, Asturiaskoa eta Valentziakoa. «Irizpidea bateratu beharko du Espainiako Auzitegi Gorenak».

Nafarroako auzitegiak argudiatu du amarena ez den gurasotasun baimena «norbanakoen eskubidea dela, ama biologikoa ez den beste gurasoari dagokiola soilik eta besterenezina dela». Horregatik, ama edo aita izateagatik ematen den prestazio luzeagoa «guraso biko familiei soilik» dagokiela uste du epaileak.

Epaileek azaldu dutenez, ama ez den gurasoarentzat Langileen Estatutuaren 48. artikuluak aurreikusten duen hamasei asteko baimenaren helburua da «bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzea, seme-alaben zaintzan bi gurasoen erantzukidetasuna sustatuz. Era berean, gurasoen eta seme-alaben artean lotura goiztiarrak sortzeko bidea ematen du, 6/2019 Errege Lege Dekretuak jasotzen duenez».

Salaketa aurkeztu zuen emakumea 2021eko urtarrilean erditu zen, eta lan egiten zuen enpresak 16 asteko baimena onartu zion. Gizarte Arloko Epaitegiko lehen aretoan jarri zuen salaketa, baina epaileek atzera bota zuten. Orain, Auzitegi Nagusiak berretsi egin du ebazpena: «Ez da eskubiderik urratu, ez baita existitzen guraso bakarreko familietako adingabeen eskubide teorikorik guraso biko familien egoera eta baldintza berean zainduak izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.