Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburu Nerea Melgosak zahar etxeak arautzeko dekretua moldatzeko agindua onartu zuen joan den astean, eta EH Bilduk dekretu berri horren inguruko balorazioa egin du Eusko Legebiltzarrean. Besteak beste, zera salatu du: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zahar etxeek Espainiako Estatukoek baino baldintza okerragoak izango dituztela.
Gizarte Zerbitzuen eta Autonomia eta Mendekotasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren Lurralde Kontseiluaren akordioa onartu zuen Espainiako Gobernuak iaz—kontra bozkatu zuen Jaurlaritzak, argudiatuz eskumen propioak zituela—. Zerbitzuen kalitatea bermatzeko irizpide komunak jasotzen ditu akordio horrek, eta, EH Bilduren ustez, Jaurlaritzaren dekretu berria akordio horren «egokitzapen kaskar bat» baino ez da.
Nerea Kortajarenak hartu du hitza Eusko Legebiltzarrean; haren arabera, testuak «mami gutxi» du, eta ez da egin sakoneko aldaketarik —2019an onartu zuen Jaurlaritzak zahar etxeetako dekretua; eta, orain, hori moldatzeko erabakia hartu du, azaleratu diren hainbat gabezia tarteko—: «Uste dugu Madrilen adostutakoak behartuta egin dituztela horiek, era traketsean. Dekretu berrian Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoitzei eskatzen zaizkien betebeharrak Madrilen onartutakoaren azpitik geratzen dira».
EH Bilduk prozesua ere kritikatu du, komunikabideen bidez izan baitute dekretuaren berri. Eragileekin elkarrizketa bat irekitzeko eskatu du: «Adostu egin behar dugu adinekoen egoitzen eredu berria. Herri eztabaida bat behar dugu, eta denon parte hartzeak bermatua egon behar du». Zaintza sistema publiko komunitario baterako trantsizioa egitea ere aldarrikatu dute. «Egoitzetako egoera ez da jasangarria».
Dekretuaren inguruko balorazioa egitean, hainbat puntutan jarri du arreta Kortajarenak.Besteak beste, testuan egoitza berriei jarriko zaien muga jasotzen da: ezingo dituzte 150 egoiliar baino gehiago hartu; Madrilgo akordioak gehienez 120 toki aurreikusten zituen. Gainera, Jaurlaritzaren dekretuak adierazten du modulu bakoitzean ez direla 25 egoiliar baino gehiago onartuko; Madrilen, hamabostekoa da muga hori.
Ratioen inguruan ere ez dago «aldaketa nabarmenik», eta gogorarazi dute hori dela zahar etxeetako arazo nagusietako bat; hor ere, Madrilen ezarritakoak baino txikiagoak izango dira langileen ratioak: «Hau bereziki larria iruditzen zaigu». Behin dekretua onartuta, egoitzek sei urte izango dituzte aldaketetara egokitzeko, eta zera gaineratu du Kortajarenak: «2029rako gainontzeko erkidegoek adostutakoa beren arauetara eramaten badute, EAEko egoitzek estatu osoko atentziorik okerrena izango lukete».
Iragan asteko asteartean eman zuen dekretuaren berri Jaurlaritzak. Gaueko arreta bermatzeko eta zaintza aringarriak hobetzeko irizpideak badira testu eraberrituan, baina egoitzetako senideen elkarteetako ordezkariak ez zituen ase, eta minduta agertu ziren Jaurlaritzarekin, haiek aintzat ez hartzeagatik. EH Bilduk ere salatu du neurriak ez direla nahikoa.
EH Bilduk uste du zahar etxeen dekretuak ez duela «aldaketa nabarmenik»
Koalizioak agindua salatu du, eta adierazi Espainiako Estatukoa baino okerragoa izango dela egoera, hala nola ratioetan eta egoiliar kopuruan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu