Bilboko Nueva Economia foroak denboraldi berria abiarazi du, eta, ohitura duen gisan, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluren hitzaldi batekin ireki du hitzaldi sorta berria. Urkulluk nabarmendu nahi izan du azken hamarkadan Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak «aurrera» egin dutela, eta galdetu du zergatik eragile batzuek «irudi katastrofista» eta «laino beltzez betetako Euskadi baten ideia» sustatzen duten «onura politikoa lortzeko asmo bakarrarekin».
Urkulluk «gizartearen ezinegona artifizialki elikatzen dutenak» salatu ditu, eta ohartarazi du bere ustez jarrera horrek ateak zabaltzen dizkiela «populismoari eta demagogiari».
Zenbait datu eman ditu Urkulluk esandakoa berresteko: langabezia tasa hamar urtean %16,6tik %7,4ra jaitsi izana, osasungintzan eta gizarte babesean egindako gastua, pobreziaren inguruko datuak, energia berriztagarrien erabilera handitu izana eta abar. Baina, haren ustez, «jarrera indibidualistak» gailentzen zaizkio «denen ongizateari»: «Beti egongo dira kalteturik sentitzen diren pertsona eta gizataldeak, denen ongizatea helburu duten erabakiak direla eta». Horren arriskuaz ohartarazi du Urkulluk. Haren ustez, jarrera horiek «populismoa eta demagogia» elikatzen dituzte, eta bereziki «arazo konplexuei irtenbide sinpleak» ematen dizkietenak.
Aipatu ez badu ere, ELA egin du Urkulluk bere kritiken xede. Haren ustez, sindikatuaren asmoa da «sistema politikoa» aldatzea: «Beste eredu bat bilatzen dute: gizarte subsidiario bat, funtzionarioz betea eta ekinbide pribatua gaitzesten duena». Esan duenez, gainerako sindikatuek ondo dakite «sindikatu horrek negoziazio kolektiboetan darabiltzan inposizioen berri».
Feijooren inbestidura
Galderen txandan, aktualitate politikoaren gai nagusiak aletu ditu Urkulluk. PPren Espainiako presidentegai Alberto Nuñez Feijooren inbestidura saioari dagokionez, Urkulluk galdetu du zergatik Felipe VI.a erregeak eman zion Feijoori inbestidurara aurkezteko eginkizuna, eta hark zergatik onartu zuen: «Agian, Feijooren interes partikularra nagusitu da, eta PSOEri ere komeni zitzaion Feijooren porrotaren irudia ematea, baina herritarrek behintzat ez dute inolako onurarik lortu egoera horretatik».
Hauteskundeak berriro egitea «albiste txarra» litzateke Urkullurentzat, baina uste du agian PPk eta PSOEk horretan interesa izan dezaketela, «egoera horrek bien arteko polarizazioa areagotuko bailuke gainerako alderdien kaltetan».
Feijook EAJren inguruan egindako adierazpenei buruz, Urkulluk esan du azken bolada honetan «gehiegizko interesa» dagoela EAJren egoeraz, eta horren atzean egon daitekeela EAJren boto emaileak erakartzeko nahia: «Edonola ere, PPk egunotan hizkuntzen inguruan edo estatuaren nazio aniztasunaz egin dituen adierazpenek argi erakusten dute EAJk zergatik eman duen kontrako botoa inbestiduran».
Amnistia Legeaz, Urkulluk esan du positibotzat jotzen duela «oraingo egoerari buelta emateko edozein ahalegin, oso ortodoxoa ez bada ere», baina ohartarazi du Katalunian dagoen korapiloak «arazo politikoen judizializazioan» duela iturburua: «Horren ondorioak ordaintzen ari gara oraindik. Horrek ez zuen gertatu behar. Ez zuten inor auzipetu behar politikoa den auzi batengatik».
Hala ere, Urkulluk ez du uste amnistiari buruzko lege hori aplika daitekeenik euskal presoen aferari irtenbidea emateko: «Oso kontu desberdinak dira. ETAren jarduerari dagokionez, badago politikaren aurreko auzi etiko eta morala, hura euskal gizartearen zati bat suntsitzen saiatu baitzen. Ez dira konparagarriak».
Eskola garraioaren adjudikazioaren inguruko polemikaz, Urkulluk babesa agertu dio Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari, eta esan du auzian ez dela «interes gatazkarik» egon. Edonola ere, aitortu du afera honetan bazegoela «kontu handiagoz» jardutea, «okerreko interpretazioei bide ez emateko».
«Irudi katastrofista» hauspotzen dutenak kritikatu ditu Urkulluk
«Laino beltzez betetako Euskadi baten ideia» sustatzen dutenek «onura politikoa» lortu nahi dutela salatu du lehendakariak hitzaldi batean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu