Geroa Baiko zenbait independentek alderdi berria sortuko dute urrian

'Geroa' izango du izena, «sozialberdea» izango da eta koalizioaren barruan arituko da. Uxue Barkos eta Aierdi daude sustatzaileen artean
Uxue Barkos, Geroa Bairen hauteskunde ekitaldi batean.
Uxue Barkos, Geroa Bairen hauteskunde ekitaldi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2020ko abuztuak 7

Geroa Bai koalizioko zenbait independentek iragarri dute koalizio barruan beste alderdi bat sortzeko prozesua abiarazi dutela, eta urrian amaituko dela alderdi berriaren sorrera. Erakunde politiko berriaren izena Geroa - Nafarroako Sozialberdeak Europan izango da, eta jite «sozialberdea» izango du.

Alderdi berriaren oinarri politikoak honako hauek izango dira: jasangarritasuna, norabide progresista eta sozialberdea, «Nafarroa subjektu politiko gisa» hartzea, tokian tokiko politika erdigunean jartzea eta Europa «estatuen gaineko erreferentzia politiko gisa» hartzea.

Oraingoz, alderdiaren behin-behineko zuzendaritza osatu dute, eta Antso Fernandez Oregi izango da horren burua.

Hiru hilabeteko prozesua

Abuztuan eta irailean, alderdia eratzeko prozesuari ekingo diote, eta aukera emango diete herritarrei alderdi berrian izena emateko. Urrian, berriz, prozesua bukatuko dute, eta alderdiaren biltzar eratzailea egingo dute. Bilkura horretan, behin betiko zuzendaritzako kideak hautatzeko asmoa dute.

Geroa Bai koalizioko hamazazpi kidek bultzatzen dute egitasmo berria, horien artean Uxue Barkos, Nafarroako lehendakari izandakoa eta gaur egun Geroa Baik Nafarroako Parlamentuan duen bozeramailea. Nafarroako Gobernuko zenbait kidek ere sustatzen dute egitasmo berria: esaterako, Jose Maria Aierdi bigarren lehendakariordeak, Itziar Gomez Ingurumen kontseilariak eta Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak.

Koldo Martinez senatariak ere bat egin du egitasmoarekin, eta, harekin batera, Nafarroako parlamentuko zenbait parlamentarik ere: Pablo Azkonak, Isabel Aranburuk, Mikel Asiainek, Jabi Arakamak eta Ana Ansak. Udal mailako zenbait hautetsik ere eman diote sostengua Geroa alderdi berriari.

EAJk «errespetuz» hartu du alderdi berria sortzeko erabakia, eta esan du espero duela koalizioa indartzeko balio izatea, eta hura osatzen duten askotariko sentsibilitateek «ekarpena egiten» jarraituko dutela: «Geroa Bai ezinbesteko proiektu politikoa da».

2011ko irailean aurkeztu zutenetik, Geroa Bai koalizioa EAJk, Zabaltzen elkarteak –hango kideak ziren alderdi berria sustatzen dutenetako batzuk– eta Atarrabia taldeak osatu dute, baina koalizioan pisu handia izan dute beti independenteek.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Lehen Hezkuntzako bi ikasle, etxean konfinatuta. ©KAI FOSTERLING / EFE

«Badaezpada, denak etxera»

Ion Orzaiz

Ikasturtea hasi zenetik, ehunka ikasgela itxi dituzte Euskal Herrian. Kontziliaziorako zailtasunak eta informaziorik eza salatu dituzte konfinatutako ikasleen gurasoek.

Ikastolen jaiak omendu dituzte gaur Agurainen. ©Ikastolen Elkartea

Ikastolek baliabideak eskatu dituzte pandemiaren ikasturteari heldu ahal izateko

Edurne Begiristain

Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldia egin dute Agurainen (Araba). Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eskua luzatu die akordioak lortzeko.

PCR probak egiten Donostiako ospitalean ©Idoia Zabaleta/ Foku

Positiboen kopuruak gora egin du Hegoaldean: 750 kasu

Edurne Begiristain

Bezperako datuekin alderatuta, 53 kasu gehiago atzeman dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna