36ko gerrako miliziano baten gorpuzkiak sendiari itzuli dizkio Jaurlaritzak

Esteban Salsamendi batailoi komunistan ibili zen Aniceto Agirrebeitia Lazpita. Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan hobiratu dituzte

Senideak atzo, Elgoibarko kolunbarioan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
joxerra senar
2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Aniceto Agirrebeitia Lazpita deitzen zen. Haren gorpuzkiak duela urtebete aurkitu zituzten Amorebieta-Etxanoko Bizkargi mendian (Bizkaia), eta abenduan lurpetik atera. Alboan zeraman 58.331 zenbakidun identifikazio txapari esker jakin zen Aniceto Agirrebeitia Lazpita zela, Esteban Salsamendi batailoiko milizianoa, EPK Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako batailoikoa. Elgoibarren egindako ekitaldi sinboliko batean, sendiak Duintasunaren Kolunbarioan hobiratu du Agirrebeitia, 36ko gerran hildako beste 58 pertsonaren gorpuzkiekin batera. Aurretik, Jaurlaritzak gorpuzkiak itzuli egin dizkio familiari, eta, une horretan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak «hurbiltasun eta maitasun guztia» helarazi nahi izan die senideei, zortzi hamarkada geroago Agirrebeitiak «atseden hartu» ahalko duelako. «Euskal erakundeetatik lagundu egin nahi genizuen, uste baitugu betebehar hori dugula Euskadin memoriaren politika publikoen arduradun garen aldetik».

Hain zuzen ere, atzo onartu zuen Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legearen zirriborroa. Artolazabalen hitzetan, biharamunean halako ekitaldi bat egiteak «oso ondo sinbolizatzen du memoriaren inguruko politika publikoen garrantzia eta erabilgarritasuna». Memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratzeko urrats oro elkarbizitzaren aldekoa dela esan du: «Harro nago Euskadin demokrazia defendatzeko borrokatu ziren Aniceto bezalako pertsonei duintasuna itzultzen laguntzeaz».

Agirrebeitia familiarekin batera, bertan izan dira erakunde eta alderdietako ordezkariak: hala nola Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko ordezkari politikoak, Elgoibarko alkate Ane Beitia eta udalbatzako kideak etaAranzadi zientzia elkarteko eta Elgoibar 1936 bertako elkarte memorialistako kideak.

Bi memoria gune Nafarroan

Nafarroako Gobernuak, kontseiluan, onartu du memoria historikoaren gune izendatzea Elizondon erbestearen omenezko eskultura eta Loitiko gaina, Ibargoitin (Nafarroa). Memoria historikoari buruzko 29/2018 foru legeak jasotzen duenez, gune horietako ezagutzari eutsi eta zabaltzea da helburua, eta, batzorde teknikoak proposatzen duenez, bi eremu horiek helburu hori betetzen dute. Loitiko gainean,gutxienez 69 pertsona fusilatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.