Albistea entzun

Irungo alkateak «ezabatu» egin nahi du «alardea» Berdintasun Planetik

Elkarrekin Podemos-IUk leporatu dio Santanori «udal arautegitik kanpo» ordezko dokumentu bat egitea, PPren eta EAJren babesarekin

Arantxa Iraola -

2022ko abenduak 16

Bereizgarritasun bat izan dute orain arte Irunen (Gipuzkoa) ondu diren berdintasun planek: ez dute inoiz «alardea» aipatu ere egin. Igaro hamarraldiotan hirian berdintasun faltarekin lotutako arazo argienetarikoa izan da alardea; zaila eta luzea izan da hiriko andreek herriko jaietan urtero egiten den ekitaldi horretan parte hartzeko egin behar izan duten bidea, eta, horiek horrela, urte askoan eskeak egin dira hiriko berdintasun planetan gaiari dagokion tokia emateko. Aurten, urtarrilean abiatu zen plan berria egiteko prozesua; hiriko eragile askok hartu dute parte prozesuan, agertu egin da berriro «alardearen» auzia, eta, Miren Etxebeste Berdintasun ordezkariak (Elkarrekin Podemos-IU) atzo agerraldi batean azaldu zuenez, gaia jasota dago urriaren 27an egin zen Berdintasun Mahaian onetsi zen testuan. Aldeko 11 boto jaso zituen testuak, eta hiru abstentzio: hiriko emakume talde batena, eta PSE-EE eta PPrena. Etxebesteren aburuz, aldeko boza ez ematean ez da geratu, ordea, Irungo alkate Jose Antonio Santano; ordezko testu bat garatzeko prozesua gidatu du ordutik, xede nagusi batekin: «Alkateak alardearen elementua ezabatu nahi du V. Berdintasun Planetik».

Urriaren 27ra arte plana egiteko administrazio prozesua «normaltasun guztiz» egin zela azaldu zuen Etxebestek. Udal taldeen eta hiriko beste kolektibo askoren «ekarpenak» jasota daudela bertan, eta jaso beharreko «kontraste guztiak» dituela testu horrek. Hala ere, Etxebestek salatu zuen egun horretan bertan alkateak testu hori moldatzeko prozesua hasi zuela, eta «udal arautegitik eta ohiko administrazio prozesutik kanpo» egin zuela hori. Etxebestek uste du horren xede bakarra dela dokumentua «ateak itxita» eztabaidatu ahal izatea, eta ezin onartuzkoa deritzo.

«Funtsean» aldatua

Alkateak abiatutako prozesu paralelo horren ondorioz, jatorrizko dokumentua «funtsean» aldatu dute. Etxebestek azaldu zuenez, EAJren eta PPren sostenguarekin onetsi dira aldaketa horiek. Eta, asteon, ordezko dokumentu hori Berdintasun Zerbitzura bidali du Santanok, eta udaleko talde teknikoari eskatu dio aldaketa horiek egiteko planean. Etxebestek salatu zuen ezin dela horrelakorik egin inolako «balorazio eta kontraste teknikorik gabe».

Jatorrizko testua bidali du jada Emakundera Etxebestek, eta Santanok ere berea bidaltzen badu, plan beraren bi testu izango dituzte han. Udal gobernuan PSE-EErekin dago Elkarrekin Podeos-IU; alardearen gainean desadostasunak dituzten arren, gainerakoetan «oso ados» daudela esan zuten atzoko agerraldian.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka eta Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel, atzo, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Kontseiluak eta Behatokiak salatu dute ez dela betetzen hizkuntza gutxituen euroituna

Ion Orzaiz

Kontseiluak eta Behatokiak salatu dute Espainiako eta Hegoaldeko erakundeak ez direla ari betetzen hizkuntza gutxituen ituneko konpromisoak. Txostena helaraziko diete Europako adituei

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Inigo Urkulllu eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, Leioako (Bizkaia) Txomin Arretxe ikastetxean. / ©Aritz Loiola, Foku

Gaur amaituko da Hezkuntza Legeari zuzenketak jartzeko epea

Irati Urdalleta Lete

Ikusteko dago EAJren eta PSE-EEren zuzenketek zer jasoko duten hizkuntza ereduei buruz. Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak agerraldia egingo du, mobilizazio bat iragartzeko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.