Koronabirusa

Urkulluk bihar edo etzi aztertuko ditu izurriaren aurkako «neurri guztiak»

Jaurlaritzako lehendakariak esan du Osakidetza prest dagoela egoera okertuta ere. Nafarroako datuak «kezkagarritzat» jo dituzte alderdiek

Iñigo Urkullu, atzo, Radio Euskadin eginiko elkarrizketan. IREKIA.
jon olano
2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak atzo zortzi hartu zituen COVID-19aren izurriari aurre egiteko neurri batzuk, eta horien eraginkortasuna ikusi arte itxaron nahi du Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak beste neurri batzuk hartu aurretik. Hamar-hamabost eguneko epea behar izaten da neurriek eragin positiborik izan duten baieztatzeko, eta, beraz, baliteke Jaurlaritzak bihar edo etzi aztertzea beste neurri batzuk hartu edo ez.

Radio Euskadin elkarrizketatu zuten atzo Urkullu, eta erabateko itxialdiari buruz galdetu zioten bertan. Batetik, gogorarazi zuen egun indarrean dagoen alarma egoeraren dekretuarekin Jaurlaritzak ez duela eskumenik horrelako neurri bat hartzeko, baina erantsi zuen berak zuzendutako gobernuak ez duela aukerarik baztertzen eta «neurri guztiak» dituela mahai gainean; horien artean legoke «ezinbestekoa ez den ekonomia jarduera oro etetea, etxeratzeko ordua aurreratuta». Ostegunean da biltzekoa Espainiako Osasun Sistemaren lurralde arteko batzordea.

Osakidetza ez hondoratzeko «tartea» badagoela ere nabarmendu zuen, eta Jaurlaritzak 340 milioi euro gehiago jarri dituela Osasun Sailerako. Itxialdirik balego, aitortu zuen aurrekontuak «moldatu» beharko liratekeela, «murrizketarik» egin gabe.

Nafarroako alderdi politikoek «kezkaturik» begiratzen diote egoerari. Navarra Sumako Javier Esparzak uste du gobernuak «porrot» egin duela eta hark ezarritako neurriek ez dutela balio izan. Aldiz, Ramon Alzorriz PSNko parlamentariak, aitortu duen arren ez dela «berri ona hainbeste kutsatu» izatea, uste du neurriek balio izan dutela hazkundea «geldiarazteko». Geroa Baiko Uxue Barkosen iritziz, berriz, neurriek «erantzun arin bat» eman dute.

Bilerak gaurtik

Urkulluk iragarria zuen azaroaren lehen hamabostaldian Eusko Legebiltzarreko taldeekin biltzeko asmoa,legealdirako erronka nagusien aurrean «lankidetza eraginkor bat» izateko. Gaur abiatuko du bilera sorta hori; 11:30ean, Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkidea hartuko du Ajuriaenean, eta 13:00etan, berriz, Carlos Iturgaiz PP+C's koalizioko legebiltzarkidearekin bilduko da, leku berean. Ostiralean batzartuko da, berriz, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariekin.

Hain justu, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak ziurtzat jo du konfinamendua ezarriko dutela Hego Euskal Herrian ere—ezarria dago jada Iparraldean—, eta Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die «egia» esateko herritarrei: «Argi esan behar da birusarekiko elkarbizitzan oinarritutako estrategiak porrot egin duela. Era guztietako jendeak onartzen du hori». Pilar Garrido Ahal Dugu-ko Euskal Autonomia Erkidegoko koordinatzaileak erebeharrezkotzat jo du «elkarrizketa politikoa»: «Denbora daramagu lehendakariari eskatzen gurekin kontatzeko, foro bat sortzeko alderdi guztiek lagundu dezagun etorkizuneko konfinamendua diseinatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.