Hainbat hedabidek kaleratu dutenez, Ione Belarra nafarrak du aukera handiena UP Unidas Podemoseko idazkari nagusia izateko. Alderdi moreko iturriak aipatuz kaleratutako informazioaren arabera, lidergoa emakume batek hartzea nahi du zuzendaritzak, eta Espainiako Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministroak du aukera handiena Pablo Iglesiasen lekukoa hartzeko. Belarrak hautagaitza aurkeztuko du.
Hain zuzen ere, Belarrak Iglesias ordezkatu zuen ministerioan joan den martxoa amaieran, UPko lider izandakoak erabaki zuenean Espainiako Gobernuan zituen karguak uztea Madrilgo autonomia erkidegoko hauteskundeetarako hautagai izateko. Joan den astearte gauean, behin hauteskundeen emaitzak edukita—ezkerreko blokeak ezin izan zuen PP gainditu—, politika utziko duela iragarri zuen.
Belarra Espainiako Kongresuko diputatua da 2016tik, eta alderdia sortu zutenetik izan da egiturako kidea. Azkeneko urtean, UPren kiderik nabarmenenetako bat izan da Espainiako koalizio gobernua negoziatzen ari den bi auzitan: etxegabetzeak eta etxebizitza legea.
Iglesiasen beraren gertukoa izan da beti, baita Irene Montero Espainiako Berdintasun ministroarena ere. Orain, idazkari nagusirik gabe, zuzendaritzak hartuko du alderdiaren ardura. Moreen asmoa da, nolanahi ere, Herritarren Batzarra ahalik eta lasterren egitea eta Iglesiasen ordezkoa izendatzea.
Diazen figura
UPko kideen artean, Moncloan,Yolanda Diazek du pisurik handiena orain. Iglesiasek iradoki izan du moreen hurrengo presidentegaia izango dela Espainiako hirugarren presidenteorde eta Enplegu ministroa. «Niretzat argi dago Yolandak [Diaz] nik baino boto gehiago ematen dizkiola proiektuari», adierazi zion azken zazpi urteotan UPren liderra izandakoak Corriere della Sera Italiako egunkariari. Diaz ezin da izan UPko idazkari nagusia, Espainiako Alderdi Komunistako afiliatua baita.
Ione Belarrak UPko idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztuko du
Alderdi moreak Herritarren Batzarrera deitu behar du Iglesiasen ordezkoa izendatzeko. Zuzendaritzak nahi du emakume batek hartzea lidergoa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu