Donostiako Metroko obren kalteen harira, «isilarazi» nahia salatu du EH Bilduk

Aditzera eman dutenez, 1.100 euroko kalte ordaina onartzeko gutunak jaso dituzte hainbat bizilagunek. Azalpenak eskatuko ditu koalizioak

Metroko obrek eragindako zuloetako bat. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
Donostia
2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun
Donostiako Zarautz hiribideko, Zubieta kaleko eta Benta Berriko bizilagun zenbaitek metroaren obrekin zerikusia duen gutun bat jaso dute azken egunotan. Horietan, 1.100 euroko kalte ordaina jasotzeko proposamena egiten diete, obrek etxean eragin dizkietenkalteengatik. Akordioa onartuz gero, etorkizunean ABEE Metro Benta Berriri eta Euskal Trenbide Sareari ezer gehiago ez erreklamatzeko exijitzen diete bizilagun horiei.

EH Bilduk atzo egin zuen agerraldi bat gaiari buruz azalpenak emateko, eta, Garbiñe Alkiza zinegotziak adierazi zuenez, gutuna jaso duten bizilagunek «kezka handia» azaldu dute, batetik, emateko moduagatik: «eskura» eta modu «oso bortitzean» eman dietelako, eta, bestetik, «gutunean esaten denagatik». Alkizaren arabera, kalte ordainak Zubieta kaleko eta Zarautz hiribideko zenbait eraikinetan agertutako pitzaduren harira eskaini dizkiete, baita Zarautz hiribidearen atzealdean 2019ko azaroan izandako lur jausiagatik ere.

Zinegotziak adierazi zuenez, 2019an gertatutakoagatik kalte ordainak eskaintzean, «bertsio ofiziala desegiten» ari dira. Izan ere, kaltetuek EH Bilduri lur jausiak metroaren obren ondorio zirela baieztatu arren,Eneko Goiak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek «ukatu egin zuten hasieratik». Txosten tekniko batek ere ondorioztatu zuen «luizia euriteen ondorio» izan zela.

Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideak ere parte hartu zuen agerraldian; adierazi zuen gutunetako klausula bat «benetan larria» dela, horren bidez «etorkizuneko kalte ordainak saihestu» nahi baitituzte. Legebiltzarkidearen arabera, eskaera hori «legez kontrakoa» da. Horrez gain, «talka» egiten du administrazio publikoek obra «erabat segurua» dela esanez eta istripu gehiago ez dela izango iragarriz egin dituzten adierazpenekin. Azaldu zuenez, «gaur-gaurkoz, inork ezin du ziurtatu orain arte onartutako kalteak egonkortuta daudenik, eta denborak aurrera egin ahala pitzadura horiek ez direla gehiagora joango». Fernandez de Betoñok gaineratu zuenez, «onartezina» da bizilagunak kalte ordaina kobratzeko «klausula hori sinatzera behartzea».

Hiru ekinbide

EH Bilduk salatu du Eusko Jaurlaritza kaltetutako pertsonak «isilarazten» ahalegintzen ari dela. Gertakariaren aurrean,azalpenak eskatuko dizkie Jaurlaritzari eta Eneko Goia Donostiako alkateari. Fernandez de Betoñok azaldu zuenez, atzo goizean hiru ekinbide erregistratu zituen Eusko Legebiltzarrean: informazio eskaera bat, idatziz erantzuteko galdera batzuk, eta jakinarazi zuen Legebiltzarreko kontrolerako lehen osoko bilkuran Iñaki Arriola saiburuari galdera bat egingo diola ahoz.

Ekintza horien bitartez, EH Bilduk jakin nahi du zenbat gutun helarazi dizkieten bizilagunei, zenbatek onartu duten akordioa,eta Jaurlaritzaren parte hartzea zer-nolakoa izan den. EH Bilduk, gainera, Donostiako alkateari eskatu dio, batetik, bere jarrera «errotik» aldatzeko metroko obrekin «zerikusia duen orotan», eta, bestetik, Donostiako bizilagunak «babesteko». Izan ere, uste dute orain arte obren arduradunak «justifikatu eta babestu» dituela. Alkizaren arabera, orain arte, «aukera batzuk galdu» dituGoiak; baina esan dio beste aukera bat duela orain obren ondorioz kaltetu diren bizilagunak «defendatzeko» eta «orain arteko portaera» aldatzeko.

EH Bilduren ustez, Donostiako herritarrek obra hauetan «akats tekniko eta politiko» gehiago ez egotea merezi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.