Bihartik aitzina lan geldialdia eskatzen ahalko da hilekoaren minagatik

Hego Euskal Herrian hiru eguneko gaixo baimena hartzeko eskubidea izanen dute emakumeek. Frantziako Estatuan ere gogoeta abiatu dute

Hilekoak oinaze handiak eragin ditzake. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko maiatzaren 31
00:00
Entzun

Bihartik aitzina, hileko mingarria duten emakumeek hiru eguneko gaixoaldirako eskubidea izanen dute Hego Euskal Herrian. «Aldi baterako ezintasun berezi baten gisara» sailkatuko dute lan geldialdia, eta, hori eskatzeko, ez da gutxieneko kotizazio aldirik beharko: Espainiako Estatuak hartuko du bere gain lehenengo egunetik, eta «ez du epemugarik izango». Otsailaren 16an onartu zuen Abortuaren Legea Espainiako Kongresuak, eta bertan jaso zuten neurria.

Beste zenbait neurri ere jasotzen ditu lege berriak: higiene menstrualerako produktuak —tanpoiak, konpresak eta kopa menstrualak, besteak beste— doan banatuko dituzte institutuetan, espetxeetan, gizarte etxeetan eta bestelako guneetan, «pobrezia menstruala bukatzeko xedez». Orain dela urte gutxi eman zuten martxan neurri bera Ipar Euskal Herrian ere. Hala, Baionako fakultatean urririk eskura daitezke produktu horiek.

Lan geldialdiari dagokionez, Ipar Euskal Herrian ez da baimendua, baina eztabaidak eta gogoetak abiatuak dira Frantziako Estatuan. Herri batzuetan, zenbait ekinaldi martxan eman dituzte udalak kontratatzen dituen emakumeek hilekoagatik lan geldialdiak hartu ahal izateko. Halaber, ekologistak eta sozialistak alderdi askotako diputatuek osatutako lantalde bat prestatzen ari dira, heldu den udazkenerako lege proposamen bat egiteko.

Abortua eta haurdunaldia

Abortuaren Legeak beste neurri esanguratsu batzuk ere jasotzen zituen. Besteak beste, orain, 16 eta 17 urteko neskek ez dute gurasoen baimenik behar haurdunaldia eteteko. Horrez gain, abortatu aitzin hiru egunez «gogoeta» egiteko beharra ere kendu dute. Haurdunaldia eteten dutenei, gainera, gaixo agiria emanen zaie, eta arta eta laguntza zerbitzu integral eta espezializatuak ere eskainiko zaizkie. Abortuak osasun sare publikoan eginen dituzte nagusiki.

Azkenik, haurdunaldi garaian hartu daitekeen geldialdia ere aurreratuko du lege berriak.Bihartik aurrera, haurdun dauden emakume guztiek eskubidea izango dute haurdunaldiaren 39. astean baja ordaindua hartzeko, erditu arte. Gizarte Segurantzak ordainduko ditu gastu guztiak, lehenengo egunekoak izan ezik, horiek enpresak ordainduko baititu. 21 urtetik beherakoek ez dute kotizatu beharrik neurriaz baliatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.