«Esklabotzatik gertuko» egoerak daude Gasteizko etxeko langileen artean

Arabako hiriburuan atzemandako egoerak inguruko beste hirietakoak bezalakoak dira, Zentzuz Kontsumitu erakundeak ohartarazi duenez

Ikerketaren aurkezpena, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Gasteizko etxeko langileen artean «esklabotzatik gertuko» egoerak daude. Hala jakinarazi du Zentzuz Kontsumitu erakundeak. Arabako hiriburuko etxeko langileen egoeraren berri izateko eginiko lehen ikerketan atzeman dituzte egoera horiek. Etxeko langile askok halako baldintzak pairatzearen oinarrian zenbait egoera atzeman dituzte: gizarte eta familia sarerik eza, bakartzea, behar ekonomikoa eta familia zama. Are, gaineratu dute familia kontratatzaileekin dauden botere harremanen ondorioz gertatzen direla egoera horiek.

Nortzuek eta nola zaintzen dute Gasteizen? ikerlanaren ondorioak inguruko hirietan atzemandakoaren bidetik doa, Zentzuz Kontsumituko kide Estibaliz Gomez de Segurak jakinarazi duenez. «Ezkutuan» dagoen errealitate bat dela azaldu du, eta Gasteizen oraindik ere ikertu gabe zegoena. Etxeko langile gehien-gehienak emakumeak dira, eta elkarrizketatuen erdiek baino gehiagok Espainiakoa ez den herritartasuna dute, edo bi herritartasun dituzte. Gizarte aitortzarik ez dutela ondorioztatu dute, eskubideak urratzen dizkietela, eta gaineratu dute era askotako indarkeriak jasateko arriskuan daudela: bortizkeria «matxista, arrazista eta klasista», adibidez.

Ikerketan hiru helburu aztertu dituzte: hainbat etxeko langilerekin izandako elkarrizketetan eta mahai inguruen bidez haien lan baldintzak ezagutzea; lan osasunean sakontzea; eta etxeko langileen hausnarketak eta aldarrikapenak jasotzea. Lan baldintzei dagokienez, etxeko langileen eskubideen urraketak eta diskriminazio egoerak xehatu dituzte txostenean. Nabarmendu dute «diskriminatzailea» dela haien jarduera arautzen duen legeria bera: ez dute langabeziarako eskubiderik; kotizazio oinarriak ez datoz bat soldatarekin; gaueko lanaldiak ez dauzkate araututa...

Langile gisa dituzten eskubideak ere urratzen dizkietela ondorioztatu dute: funtzioen zehaztapen falta, betetzen ez diren ordutegiak... Gizarte Segurantzara heltzeko zailtasunak ere jakinarazi dituzte, baita kontratatzailearekin duten botere harreman desorekatua ere. «Gehienetan, gizonak batzartzen dira etxeko langileekin baldintzak zehazteko», azaldu du Gomez de Segurak.

Aurreko egoera horiek zuzeneko eragina dute etxeko langileen lan osasunean, ikerketan gaineratu dutenez, maila fisikoan ez ezik, baita buruko osasunean ere: nekea, eraso fisikoak mendekotasun egoerak dituzten pertsonen partetik, estresa, depresioa...

Etxeko langileek eurek adierazi dute «errealitate konplexua» dela. Hori ikusirik, biktima bihur ez ditzatela eskatu dute. Egoerari aurre egiteko «estrategia pertsonalak» lortu dituztela azaldu dute. Ordea, «bidezko» araudia galdegin dute, baita «indarkeriarik gabeko lan eremua» eta zaintza lanen aitortza ere.

Sare baten sorrera

Gomez de Segurak azaldu du helburua dela etxeko langileek beren helburuak eta lehentasunak markatzea. Ordea, aurrez zehaztutako egoerengatik, ez da halakorik gertatzen. Azaldu du etxeko langileengana heltzeko bidea hasi dutela, zenbait eragileren bitartez. Horrek fruituak eman bitartean beste erakunde batzuekin lan egiteko asmoa agertu du. Sare bat sortzeko lanean ari da Zentzuz Kontsumitu, beste hainbat eragilerekin batera: mugimendu feministarekin, sindikatuekin, laneratzearen bidez gizarteratzen duten elkarteekin... Administrazioetara joko dutela iragarri du Gomez de Segurak.Horrez gain, zeresana duten eragile guztiei zenbait eskaera egin dizkie: lan ikuskaritzari, sindikatuei, elkarte feministei, kontratatzaileei, gizarteari eta etxeko langileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.