Erorien Haranean hobiratutakoen senideek babesgabetasuna salatu dute

Bilera bat egin dute Espainiako Gobernuko ordezkariekin, gorpuak handik ateratzea aztertzeko, baina ez dute ikusi «borondate argirik»

Hobi komun batetik ateratako gorpu batzuk. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Erorien Haranean hobiratuta dauden euskal herritarren familietako kide batzuek bilera bat egin zuten atzo Espainiako Ondarearen Zuzendaritza Nagusiko ordezkariekin, azken horiek deituta, Madrilen. Hurkoak handik atera eta Euskal Herriratzeko eskaera egina dute senideek, eta aukera horretaz aritu ziren hizketan. Gobernuko ordezkariek esan diete ez dutela baztertzen aurrera egitea, baina zuhurtzia eskatu diete familiei, eta ohartarazi igandeko hauteskundeetako emaitzek prozesua baldintza dezaketela.

Senideekeskertu egin dituzte azalpenak, baina ez dute ikusi gobernuko ordezkariek «borondate argirik» dutenik. «Txosten teknikoak, xehetasunak, eragozpenak... badirudi horrekin guztiarekin ito nahi dutela auzi hau; Franco handik ateratzeko maniobrarekin bere horretan utzi nahi dutela guztia», azaldu du Ekhiñe Atorrasagastik —bileran parte hartu du, haren senide Lucas Ugarte Erorien Haranean hobiratua baitago—. «Ez digute zehaztu zein izango den hurrengo urratsa, ez digute eperik eman».

Haiek duela bi egun jaso zuten bilerarako deialdia. Euskal Herritik zazpi lagun joan dira, eta Valentziatik (Herrialde Katalanak), beste bi. Atorrasagastik azaldu duenez, gobernuak txosten arkitektoniko bat egin du mausoleo frankistako basilikan dauden horma hilobi, hobi komun eta hezurtegiei buruz. Horren berri eman zieten atzo; astelehenean jasoko dute senideek, eta uste dute gobernuak argitara aterako duela. «Presaka egindako zerbait dirudi bilerak. Esan digute gardentasunez jokatzeko egin dutela».

Txosten «mardulean» ez dago ezer berririk, Atorrasagastiren arabera. «Jakina zen egitura ez dagoela egoera onean, hildako batzuk kutxetan daudela, beste asko ez, hezurrak nahastuta daudela, identifikatu gabe... Hara eraman zituzten inoiz handik ateratzeko asmorik gabe. Logikoa dirudi, beraz, zailtasun tekniko handiko lan bat izatea». Gobernuko ordezkariek jakinarazi diete txosten horrez gain beste batzuk egin beharko dituztela: bideragarritasun teknikoari buruzkoak, auzi medikuenak eta juridikoak, besteak beste. «Badakigu alde teknikoa oso konplexua izan daitekeela, baina funtsean borondate politikoko kontu bat da, eta, orain arteko frankismoaren biktimek izan duten babesgabetasuna ikusita, ezin dugu asko espero».

Gorpu lapurtuak

Madrilgo Cuelgamurosko haraneko basilikan 1936ko gerran hildako 33.833 gorpu daude, bi aldeetakoak. Euskal Herritik, zehazki, 1.312 hilotz eraman zituzten 1958tik aurrera, Memorien Haraneko hobi erraldoiak betetzeko. Bakan batzuk, senideen oniritziarekin; gehienetan, inori ezer esan gabe, hilerrietatik ebatsiz. Arabatik eraman zituzten gehienak: 613. Nafarroatik, berriz, 249; Gipuzkoatik, 238; eta Bizkaitik, 212. Orain arte, antzuak izan dira monumentutik hilotzak ateratzeko saialdi guztiak; salbuespen bakar bat dago: 1980ko otsailean, Nafarroako zenbait herritako 133 fusilatu errepublikanoren gorpuak atera zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.