Etxebizitza eskubidea arautzeko eskatuko dute gaur Kongresuan

Unidas Podemosek, EH Bilduk eta ERCk, besteak beste, lege proposamen bat erregistratuko dute. Alokairuaren prezioa arautzea nahi dute

Maizterren Sindikatuko protesta bat, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Unidas Podemosek, EH Bilduk, ERCk, Mas Paisek, Compromisek eta Nueva Canariasek Etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea bermatzeko lege egitasmo bat erregistratuko dute gaur Espainiako Kongresuan. Joan den astean, lege egitasmoaren berri eman zieten gainerako taldeei, eta testuari atxikimendua agertu zioten Junts per Catalunyak eta CUPek ere. Herri ekinaldi legegile baten bidez iritsi da proposamena Kongresura: CCOOk, UGTk, Maizterren Sindikatuak eta Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformak ondu dute araua, eta lege proposamen gisa erregistratzeko konpromisoa hartu dute aipatu alderdiek. Gaur goizean egingo dute hori; ostean, eragile sustatzaileek lagunduta, agerraldi batean azalduko dituzte ekinaldiaren xehetasunak.

Espainiako Gobernuko bazkideak otsailean ziren aurkeztekoak etxebizitzarako lege proposamen bat, baina zortzi hilabeteren ostean ez dute lortu akordiorik, eta tiraderan gordeta dago. Unidas Podemosek etxebizitzari buruzko lege proposamen berriari emandako babesak agerian uzten du gobernu barruan desadostasun sakonak dituztela etxebizitzaren alorrean. Izan ere, koalizio moreak prezioen esku hartze zuzenaren alde egiten du, eta PSOEk hobari eta abantaila fiskalen sistema bat planteatzen du jabeentzat.

Hain zuzen ere, gaur erregistratzekoa den lege proposamenak lehentasun gisa jartzen du pertsona orok «etxebizitza duin, egoki eta eskuragarria» izateko eskubidea duela, eta legez arautzen du eskubide hori «benetakoa eta eraginkorra» izateko bidea. «Administrazioek etxebizitzarako eskubidea bermatzeko betebeharra dute: ideia horretan jartzen du indarra lege honek», azaldu dio BERRIAri Oskar Matute EH Bilduko diputatuak.

Lege egitasmoak, besteak beste, aldaketak aurreikusten ditu Hiri Alokairuen Legean, eta proposamenak jasotzen ditu hipoteka merkatua erregulatzeko. Halaber, helburuen artean ezartzen du etxebizitza eskaera gehien duten udalerriek etxebizitza parke osoaren % 20 etxebizitza sozialetara bideratzea, hogei urteko epean.

Etxegabetzeak

Etxegabetzeak saihesteko neurri sorta bat ere jasotzen du lege proposamenak. Hala, berariaz debekatzen du etxegabetzeak egitea «kalteberatasun egoeran» egonda beste inon bizitzeko alternatibarik ez dutenen kasuetan, eta uraren, gasaren eta elektrizitatearen tarifa sozial bat ezartzea aurreikusten du. Matuteren iritziz, «premiazkoa» da horrelako neurri bat legez araututa egotea, datozen hilabeteetan «izugarri ugarituko» direlako etxegabetzeak, eta, ondorioz, «tentsio soziala» areagotu egingo delako.

Alokairuari dagokionez, lege proposamenak aukera ematen du batez besteko errentaren arabera «tentsionatutako eremu» gisa izendatzeko zenbait gune, eta, horietan, udalei ahalmena ematen die alokairuen gehienezko prezioak zehazte aldera beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak aplikatzeko.

Alderdi sustatzaileek PSOEren babesa bilatuko dute lege proposamena aurrera ateratzeko, baina ez dute samurra izango. EH Bilduko diputatuak aitortu du «oso zaila» izango dela sozialistek testua babestea, baina uste du lege proposamenak etxebizitzari buruzko eztabaida erdigunea jartzeko balioko duela: «Alokairuaren inguruko eztabaida zabaltzeko parada emango dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.