Badalab abian da, hizkuntza berrikuntzarako «espazio segurua» izateko asmoz

Errenterian dute egoitza, eta hantxe egin dute aurkezpena. Instituzioak eta eragileak bat dira egitasmoan; antolaketa eredu berritzailean ere bai

Agintariak eta Badalabeko arduradunak, atzo, aurkezpenean. A.CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
Errenteria
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
«Espazio seguru bat» izan nahi du Badalab laborategiak. Behin eta berriz nabarmendu zuen hori atzo goizean hizkuntza berrikuntzaren inguruan ardaztuta ari den laborategiko zuzendari nagusi Goiatz Oiartzabalek. Errenteriandute egoitza (Gipuzkoa), Madalen kalean, eta, hantxe, agerraldi bat egin zuten, esperimentazio gunea aurkezteko. Hango ateak zabal-zabal nahi dituzte beti ekarpenak egin nahi dituzten guztientzat eta, bereziki, gazteenentzat: «Berrikuntzak etorkizunera garamatza, eta etorkizuna bete-betean biziko dutenei galdetu behar zaie. Haien irudikapenetik abiatzen gara, etorkizun horretan euskarak eta hizkuntza gutxituek toki duina izan dezaten».

Defendatzen duten berrikuntzaren erakusgarri izan zen atzoko aurkezpen ekitaldia ere; abatar batek aurkeztu zuen, eta gazteek aparteko tokia izan zuten: errealitate soziolinguistiko askotarikoetatik solastatu ziren etorkizuneko erronkez. Teknologoak ere mintzatu ziren, teknologia berrien eta adimen artifizialaren eskutik helduko diren aldaketezohartarazi zuten, eta horiek ekarriko dituzten aukeretarako eta erronketarako prestatzea ezinbestekoa dela gogoratu zuten.

Badalabek,ororen gainetik, etorkizuna irudikatzen ahalegintzeko «espazioak, tresnak eta esperientziak» diseinatu eta eskainiko ditu: proiektu «ausartak» nahi dituzte, eta iragarri dute hutsegiteen beldur ez direla izango, uste baitute horiek usu direla ikasteko eta bidean hazteko era bat. «Aniztasuna» eta «digitalizazioa» sakoneko aldaketak eragiten ari dira, oso azkarrak, eta hor eragin nahi dute, batez ere.

2018tik abian da egitasmoa garatzeko prozesua. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz proiektu zabalaren barruko habeetako bat da, eta iragarri dute irailetik aurrera jardun betean ariko direla.

Halaber, nabarmendu beharrekotzat jo zuten «lankidetzaren» emaitza dela Badalab. Laborategiaren gaineko gogoeta eta diseinua lankidetza «publiko-sozialaren» ondorioa izan da, eta lankidetza hori «gobernantzara» ere eraman dute orain. Hain zuzen ere, instituzio publikoek badute ordezkaritza gobernu batzordean, baina eragile sozialek ere bai, eta «botere banaketa» lortu nahi izan dute antolaketan; ondorioz, adierazi dute «gehiengoak eraiki» egin behar direla Badalaben. Erakunde hauek parte hartu dute sorreran: Gipuzkoako Foru Aldundiak, Errenteriako Udalak, Soziolinguistika Klusterrak, Euskalgintzaren Kontseiluak, EITBk, Euskal Herriko Unibertsitateak, Arantzazulabek, Euskaltzaindiak eta Langunek. Erakundeotako ordezkaritza zabala egon da gaur Errenterian.

Esperimentazioaren premia

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok esan zuen «esperimentazioa» ezinbestekoa dela egungo gizartearen «sakoneko eraldatzeak» ikusirik, eta txalogarria dela Badalab martxan egotea. Errenteriako alkate Aizpea Otaegik adierazi zuen garrantzitsua dela egin beharreko galderak zein diren «zalantzan» jartzea ere, eta horretara datorrela laborategia. Erakunde sozialen izenean, Olatz Olasok gogora ekarri zuen euskararen biziberritzeak «bere DNAn» txertatuak dituela berrikuntza eta esperimentazioa, eta Badalabek jarduteko era hori hauspotzeko bidea irekiko duela.

Errenteriako Madalen kaleko 27. zenbakiko azken bi solairuetan dago laborategia, hainbat gune bereziturekin. Aldundiak jarri du eraikina egokitzeko dirua, eta Errenteriako Udalak egin du egoitza erabiltzeko lagapena. Bizikide izango dira laster eraikieneko beste solairuetan Errenteriako beste elkarte batzuk ere, elkarren berri izateko denek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.