Gazteak zuzendaritzetan sartzeko «kuotak» eskatu ditu Zedarriak plataformak

«Belaunaldien arteko ekitate helburu handiak» betetzea nahiko lukete goi enpresari horiek. «Hezkuntza sistema malgu bat» eskatu dute

Ikasle gazte bat Nafarroako Unibertsitate Publikoan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
xabier martin
2023ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun

Gazteek erakundeen zuzendaritzetan sartzeko erraztasunak beharko lituzketela adierazi du Zedarriak plataformak bere hirugarren azterketan. Lanak zenbait proposamen jaso ditu 18 eta 30 urte arteko gazteen inguruan: besteak beste, «eztabaida bat irekitzea» gazteen «parte hartzeko kuotak» ezartzeko. «Enpresen erabakietan, erakunde publikoetan eta GKEetan» gazte gehiago nahi ditu Zedarriak klubak.

«Belaunaldien arteko ekitate helburu handiak» lortzeko ekarri du hizpidera ideia hori enpresarien plataformak, eta zuzendaritza organoetako sexu arrakalari aurre egiteko erabiltzen den mekanismoaren antzekoa litzateke. Txostenak gogoratzen du Eusko Legebiltzarreko kideen batez besteko adina 48 urtekoa dela, eta 75 parlamentarien artean soilik hiru direla 30 urtetik beherakoak. «Sozietate kotizatuetan 60,5 urteko batezbestekoa dago Espainian», dio azterketak, belaunaldien erreleboa egoki egiteko beharra azpimarratuta berriro.

Zedarriak plataformak ere baditu etxeko lanak egiteko kideen adinaren batezbestekoa jaisteko, 63 urtekoa baita, plataformak berak onartu duenez. «Ezaugarri hori zuzentzeko» proiektuak bultzatu nahi dituztela gaineratu dute txostenean.

Hezkuntza sistema malgua

Hezkuntzari ere erreparatu dio Zedarriak plataformak, harentzat «presazkoa» baita «urrats jakinak» egitea «hezkuntza sistema malgu baten alde». Hezkuntzaren alorrean, kanpotik Euskal Herrira datozen familiak aipatu ditu plataformak, familia batzuek «mugikortasun geografiko handia» ei dutelako, eta haien «seme-alaben hezkuntza ibilbideak soluzio azkarrak» behar dituelako. Txostenean ez ditu hizkuntza eskakizunak aipatu, ezta euskara hitza idatzi ere, baina atea zabalik utzi du «sistema malgu» baten eskaera euskara exijitzearekin lotzeko.

Edonola ere, goi enpresarien talde horrek behin eta berriro azpimarratu du «gazteen parte hartzea bultzatu» behar dela, gizartearen «oraina eta geroa baldintzatuko duten erabakietan» egoteko. «Etxebizitzen alokairua arautzea, pentsio sistema eta langile gazteen lan kontratuen soldatak» aipatu ditu Zedarriak klubak gazteek parte hartzeko eztabaidagai gisa. Uste du gazteek inplikaturik egon behar dutela «belaunaldien arteko itunean funtsezkoak diren erabaki horietan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.