Neurri eraginkorrak eskatu dituzte «hiesaren estigma erauzteko»

GIBaren aurka «erne» segitzera deitu dute Hego Euskal Herriko erakunde publikoek. «Adierazpen instituzionalik ez, ekintzak» exijitu ditu Gehituk

Nafarroako Gobernuak eta elkarteek eginiko kanpainaren aurkezpena. BERRIA.
Ion Orzaiz.
2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Ez da bukatu. 40 urte bete dira hiesaren lehen kasuak jakinarazi zirenetik, eta, egungo egoerak ordukoarekin zerikusi gutxi duen arren, alimaleko arazoa da oraindik orain. Bai osasun publikokoa baita soziala ere. Atzo, Euskal Herriko erakunde publikoek efemerideari erreparatu zioten. «Prebentzioaren eta detekzio goiztiarraren bideari eusteko» asmoa agertu zuten, Hiesaren Nazioarteko Egunaren karietara argitaratutako adierazpen instituzionaletan. Eragile sozialek, berriz, «hitz gutxiago eta neurri eraginkor gehiago» eskatu dizkiete, «GIBdunen aurkako bazterketa erauzte aldera».

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, esate baterako, dei egin zuen «GIBaren aurka erne jarraitzera, konpondu gabeko osasun publikoko arazoa izaten segitzen duelako». Zehazki, hiesa erabat bukatzeko bidean «erakundeek eta norbanakoek duten konpromisoa» azpimarratu zuen sailburuak: «Erronkari eutsiko diogu prebentzioaren, diagnostiko goiztiarraren eta erretrobirusen kontrako tratamenduen bidez, aintzat hartuta mundu osoan 2020rako ezarritako helburuak ez direla bete».

Gehitu elkarteak, berriz, «adierazpen instituzionalez haragoko neurriak» galdegin dizkie erakundeei, besteak beste, GIBdunek pairatzen duten diskriminazioa bukatzeko: «Alabaina, Euskadin, gaur egun, GIB birusa duen pertsona batek ezin du oraindik lanbide jakin batzuetan jarduteko eskaerarik egin, segurtasunaren alorretan bereziki, hau da, Ertzaintzaren oposizioetan parte hartzeko edo udaltzain edo suhiltzaile izateko plaza bat lortzeko aukera ukatzen zaio, eta, Euskadik espetxeetako eskumenak bereganatu dituenez geroztik, enplegu publikoko hurrengo deialdietan eremu horretan lan egiteko aukera ere ukatuko litzaioke».Hortaz, dei egin diete Eusko Jaurlaritzari eta legebiltzarkide guztiei «ez ditzaten adierazpen solidario soilak egin; horren ordez, konpromiso publikoa har dezatela GIBa kentzeko enplegu deialdi publiko guztietan indarrean diren baztertze koadro medikoetatik».

Nafarroako Gobernuak ere «estigmaren» gaiari heldu zion, eta hori erauzteko kanpaina aurkeztu zuen atzo, hiesaren aurka lanean ari diren zenbait elkarterekin batera. Zehazki, ikus-entzunezko hiru pieza zabaldu ditu gobernuak sare sozialen bidez, Sare elkartearekin eta Hiesaren Aurkako Nafarroako Batzordearekin elkarlanean. Bideo horien helburua da «hiesak dakarren estigma ikusaraztea, sentsibilizatzea eta horren aurka borrokatzea», Osasun Departamentuko buru Carlos Artundoren esanetan: «Gure helburua da GIBaz infektatutakoek bizi kalitate ona izatea, eta horrek esan nahi du estigma desagerrarazi behar dugula. Gaur egungo erronka da hiesari lotutako diskriminazioa ezabatzea».

8.228 kasu Hegoaldean

2020ko datuak ere eman zituzten atzo Hego Euskal Herriko erakundeek. Osakidetzaren eta Osasunbidearen datuen arabera, 134 kasu positibo diagnostikatu zituzten iaz (aurreko urtean 190 izan ziren). Guztira, izurria lehen aldiz jakinarazi zenetik, 8.228 diagnostikatu dira Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.