Presoen arloko «blokeoa» salatu dute bakegileek, suprefeturara harea botata

Desobedientzia ekintza bat antolatu dute, «denboraz larri» dabiltzala irudikatzeko. Urtarrilaren 8ko manifestaziora batzeko deia egin dute

Bakegileen ekintza, atzo, Baionako suprefeturan. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Bost urte bete ziren atzo Luhusoko atxiloketak gertatu zirenetik. ETAren armagabetzea prestatzen ari zirela, Frantziako Poliziak bost lagun atxilotu zituen, Espainiako Guardia Zibilarekin batera. Jean Noel Etxeberri Txetx, Mixel Berhokoirigoin, Beatrice Molle, Mixel Bergougnan eta Stephane Etxegarai Etxe atxilotu zituzten, eta Michel Tubiana ez zuten atzeman. Bost urte geroago, «urratsak egin» badira ere, euskal presoen «egoerak blokeatuta» segitzen duela salatu dute bakegileek. Atzo, erraterako, ekintza bat egin zuten Baionako suprefeturan: harea bota zuten egoitza gainera.

Urtarrilaren 8an Baionan eginen duten manifestazioaren sinbolo da harea erlojua, eta «denbora pasatzen ari» dela irudikatzeko bota dute harea: «Mendekuaren eta injustiziaren denbora da, eta irauli egin behar dugu», aldarrikatu du Anaiz Funosas bakegileak. Hain zuzen, urtarrilean eginen duten manifestazioa Denboraz larri gabiltza, Ion, Jakes eta Unai gurekin lelopean antolatu dute. Ion Parotek, Unai Parotek eta Jakes Esnalek 31 urte daramatzate preso.

«Duela bost urte aldarazi genuen joko araua, eta bidea ireki zitzaion bakearen eraikuntzari, armagabetze zibilaren hastapena izan zelako; usteltze arriskuan zen prozesua orduan. Bost urteotan pausoak eman dira, baina alde batek batez ere; estatuen pausoak ez dira beti horien heinekoak. Berriz ere blokeo egoera batean gara», salatu du Funosasek. Hala, estatuekiko indar harremana indartu beharra azpimarratu, eta fase berri bat irekiko dutela nabarmendu dute, «desobedientzia zibilaren haritik tiraka».

Izan ere, iragan azaroan Bakegileek erran zuten fase «ofentsiboago eta determinatuago» bat abiatuko zutela, azken urteetan euskal preso eta iheslarien auzia konpontzeko «pauso esanguratsurik» eman ez dela argudiatuta.«Euskal presoen, eta bereziki Ion Paroten eta Jakes Esnalen auziak konpontzeko borondate eskasa ondorioztatu behar dugu, baita Espainiako Estatuan preso den Unai Paroten kasuan ere. Hori dela eta, datorren urteko lehen sei hilabeteetan ofentsiboagoa eta determinatuagoa izanen den dinamika mobilizatzaile berria aktibatzeko erabakia hartu dugu», erran zuten orduan. Fase berriaren abiapuntu izanen da, beraz, urtarrilaren 8ko protesta. Manifestaziotik hasita, fase berrira ere batzeko deia egin diete herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.