Sareren manifestazioa babestu dute zenbait biktimak

ETAren, GALen, torturaren eta presoen urruntzearen biktimak dira. Uste dute «zubiak berreraikitzen hasteko» garaia dela

Ezkerretik, Unai Romano, Ibon Garate eta Rosa Rodero, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Indarkeriaren lau biktimak babesa eman diote Sarek urtarrilaren 7rako antolatu duen manifestazioari. Rosa Rodero —ETAk 1993an hildako Joseba Goikoetxea Ertzaintzako buruaren alarguna—, Unai Romano —Guardia Zibilak torturatu egin zuen 2001ean— eta Ibon Garate —haren anaia Ruben Garate auto istripuz hil zen 2000ko otsailean, Alcala Meco espetxean preso bat bisitatzetik zetorrela— agertu dira hedabideen aurrean babes horren berri emateko, eta Asun Lasak, GALek 1983an hildako Joxean Lasaren arrebak, bat egin du gainerako biktimen adierazpenekin, agerraldian egoterik izan ez badu ere.

Biktimek gogorarazi dute ez direla politikariak, ez dutela beste inor ordezkatzen, eta beste hainbat arlotan seguru asko ideia eta pentsamolde oso desberdinak dituztela. «Baina hori ez da garrantzitsua», esan dute. «Guztiok jasan dugu indarkeria, eta hemen gaude esateko ez dugula nahi gure isiltasuna inork erabili dezan beste inori mina eta sufrimendua eragiten jarraitzeko».

Roderok, Garatek, Lasak eta Romanok uste dute iraganean apurtutako zubiak «berreraikitzen hasteko» garaia dela, eta langintza horretan baitezpadako tresnak direla «enpatia» eta «borondatea»: «Bestearen sufrimendua onartzea eta ulertzea, eta, batez ere, ahal dugun guztia egitea guztiontzako irtenbide duinak lortzeko».

Bi eskakizun nagusi

Batez ere, bi eskakizun plazaratu dituzte biktimek. Alde batetik, uste dute «aitortzeko eta laguntza emateko neurriak» aplikatu behar zaizkiela «indarkeria guztien biktimei, salbuespenik egin gabe». Haien ustez, indarkeria jakin batek eragindako mina ez da beste batek eragindakoa baino handiagoa edo txikiagoa: «Ezin da denbora gehiago pasatu guztiei neurri berak aplikatu gabe».

Beste aldetik, lau biktimek uste dute euskal presoen auziak «konponbide justu eta legezkoa» behar duela. «Hamarkada askoan presoek eta batez ere haien senideek jasan duten urruntze politika atzean geratzeko bidean dago», gogorarazi dute; «garaia da legea eta justizia salbuespenik gabe aplikatzeko eta, beraz, etxera itzultzeko bidea has dezaten, legeak hala ezartzen badu».

Urtarrilaren 7an, goizean, Sarek topaketa bat egingo du Bilboko Euskalduna jauregian, indarkeria pairatutako zenbait biktimaren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.