Azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea galdetu diote Blanquerri

Azterketak Euskaraz kolektiboak gutun bat helarazi dio Frantziako Hezkuntza ministroari. Euskaraz zuzentzeko baliabideak daudela diote

Azterketak Euskaraz kolektiboaren agerraldia, atzo, Baionan. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Baionako Etxepare lizeoan elkartu ziren atzo Seaskako ikastetxeetako ikasleak eta irakasleak. Argi utzi zuten, denek elkarrekin oihukaturik: «Azterketak euskaraz!». Ikasturte honetako lehen urratsa Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroari gutun bat igortzea izan da, azterketak euskaraz pasatu ahal izatea eskatzeko, berriz.

Izan ere, iaz sortu zuten Azterketak Euskaraz kolektiboa, baxoa eta brebeta ikasleek euskaraz pasatu ahal izatea eta irakasleek euskaraz zuzendu ahal izatea eskatzeko. Ez da Blanquerri igortzen dioten lehen gutuna, baina aitzinamendurik ez denez izan, beste bat helarazi diote. «Zuzena eta egingarria den eskaera berresten dugu. Baxoko eta brebetako azterketak euskaraz zuzenduak izatea eskatzen dugu gure ikasleentzat». Akademia Ikuskariari ere igorri diote.

Borroka luzea

Izan ere, hainbat egitasmo egin zituzten iazko ikasturtean, baina urte bukaeran, egoerak ez zuen onera egin: brebetako zientzietako euskarazko azterketa ez zitzaien behar bezala zuzendu ikasleei. Gainera,«desobedientzia ekintza» bat egin, eta baxoko filosofia azterketa euskaraz itzuli zuten ikasleei ez zitzaien zuzendu ere egin, bati izan ezik. Seaskako ikasleak haserre mintzatu dira: «Zergatik jarri horrelako oztopoak hizkuntza baten garapenari? Mende erdi honetan anitz izan dira oztopoak, euskarak banan bana saihestu dituenak, baina [Frantziako] Hezkuntza Ministerioak euskarari erregularki oztopo berriak jartzen dizkio».

Seaskako irakasleek azaldu zuten haien eskaera asebetetzeko baliabideak badaudela. Erraterako, iragan ekainean, Donapaleuko (Nafarroa Beherea) kolegioa okupatu zuten hiru egunez, brebetako zientzietako azterketen kopien zuzenketa «alternatiboa» egiteko. «Bi gauza frogatu ditugu: batetik, euskarazko zuzentzaileak badira. Bestetik, gure ikasleek jasotako emaitza ofizialak ez dira justuak izan». Izan ere, erdaldun inspektoreek zuzendutako azterketen batez bestekoa 6koa izan da, 50etik. Euskaraz zuzendutako kopien batez bestekoa, berriz, 50etik 27koa izan zen.

Irakasleek segurtatu zuten iaz sortu zuten kolektiboak aurten ere «lanean segituko» duela,«euskaraz ikasten duten ikasleek azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea ukan dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.