NATOk eta Afganistanek zibil gehiago hil dituzte aurten talibanek baino

NBEren txosten batek dioenez, Kabulgo gobernuaren aldeko indarrek 717 zibil hil dituzte 2019ko lehen erdian herrialdean, eta talibanek, 531

Igor Susaeta.
2019ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Unama NBE Nazio Batuen Erakundeak Afganistanen duen misioa 2009an hasi zen zenbatzen hango gatazkak zenbat zibil hiltzen dituen. Unamak joan den apirilean kaleratutako txostenak erakusten zuen Afganistango Gobernuaren indarrek eta NATOko haien aliatuek talibanek baino zibil gehiago hil zituztela Afganistanen aurtengo lehen hiruhilekoan. Azken hamarkadan hori gertatzen zen lehen aldia zen. NBEren misioak aurtengo lehen erdiko datuak eman zituen atzo, eta joerak bere hartan jarraitzen du: Kabulgo indarrek eta atzerriko tropek 717 zibil hil dituzte Afganistanen urtarrila eta ekaina bitartean, eta talibanek, 531. Zenbaki horiek, horrenbestez, zalantzak eragin ditu nazioarteko indarren eraginkortasunari buruz.

Bien bitartean, talibanek, Afganistango gizarte zibileko ordezkariek eta AEBek negoziatzen jarraitzen dute. Joan den urrian hasi zituzten elkarrizketak, Dohan, eta lehengo uztailaren 9an adierazi zuten biktimarik ez eragiteko konpromisoa dutela, hori dela helburua. Horren harira, Tadamichi Yamamoto Unamaren zuzendariak belarrietatik tira egin zien atzo, eta guztiei eskatu zien hartutako konpromisoa betetzeko.

AEBek 2014an bukatu zuten, ofizialki behintzat, 2001ean Afganistanen hasitako misioa. Baina oraindik ere 14.000 bat soldadu dauzkate han. Horiei gehitu behar zaizkie 2015eko urtarrilean NATOk hasitako Erabateko babesa misioarekin bat egin zuten 38 herrialdetako 8.000 soldaduak.

NBEren misioaren txostenak nabarmentzen du, bestalde, biktima zibilen kopuruak —hildakoak eta zaurituak— laurden bat behera egin duela aurtengo lehen seihilekoan, iazko zenbakiekin alderatuz gero —2012az geroztik kopuru txikiena da urteko lehen seihilekoari dagokionez—. Urtarriletik ekainera, hildakoak eta zaurituak kontuan hartuta, 3.812 biktima zibil egon dira.

AEBak ez daude ados

AEBen eta NATOren tropen bozeramaile Sonny Legget koronelak atzo adierazi zuenez, ez da «sinesgarria» Unamak biktimak zenbatzeko erabiltzen duen metodologia. «Horregatik, NBEren misioaren metodoak eta emaitzak arbuiatzen dituzte AEBetako indarrek». AEBek eta talibanek bakearen «esparrurako zirriborroa» egina zutela jakinarazi zuten joan den urtarrilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.