Mobilizazioak aeronautikan, enplegua defenditzeko

ITP Aeron lau greba egunera deitu dute hilabete honetarako. Irailaren 26an, sektoreak manifestazioa egingo du Gasteizen

Alestiseko beharginen elkarretaratzea, Gasteizko fabrikaren atarian, atzo. BERRIA.
Irune Lasa - Imanol Magro
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
«Alestisen ez dago inor sobran». Gasteizen lantegia duen aeronautika enpresa horretako beharginek ez dute onartuko langileak izatea euren lanpostuekin pandemiaren ondorioak pairatu behar dituztenak. Gasteizko lantegiko langile batzordearen ustez, Alestisen inor ez dago sobran, ez kaleratu nahi dituzten taldeko 585 langileak, ezta zehazki egoera horretan dauden Gasteizko 87 langileak ere.

Batzordeak erakundeei egin die deia: «Enpleguari eta industria jarduerari eusteko apustua egin behar dute». Gogoratu du aeronautika sektoreak 6.000 lanpostu zuzen dituela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 25.000 zeharka lotuta, nahiz eta azken urteetan «erakundeen inplikazio faltaren ondorioz» jardueraren zati handi bat penintsula erdialdera eta hegoaldera aldatu den. Eusko Jaurlaritzak industria politikarako bere eskumenak industria horren eta enplegu horien defentsan erabil ditzan nahi dute Alestiseko langileek. Gauza bera eskatu diote Espainiako Estatuari ere, harenak baitira enpresaren akzioen %24, SEPI sozietatearen bitartez.

Ziurtasun gabeziako egoera honetan, eta aurreikusita gauzek hobera egin dezaketela luze gabe eta luzera begira, Alestiseko langile batzordearen ustez merezi du behin-behineko irtenbideak erabiltzea: «Enplegua aldi baterako erregulatzeko dosierrak, lan astearen murrizketak, erretiro aurreratuak, kaleratze ez-traumatikoak, itzulera bermatuko eszedentziak...».

Manifestazioak eta grebak

Badakite oso zaila dela berreskuratzea behin suntsitu den enplegua. Eta, horregatik, lanpostuak defenditzeko garaia dela uste dute. Alestiseko Gasteizko langileek mobilizazio egutegi zabala iragarri dute gaur. Tartean, irailaren 26rako manifestazio bat, Gasteizen, zeina aeronautika sektorearen izenean egingo den.

ITP Aeron, berriz, lau egun solteko greba deialdia egin dute bi asterako. Enpresak erregulazio espediente bat egingo duela aurreratu du, eta Zamudion (Bizkaia), Ajalvirren (Espainia) eta Alcobendasen (Espainia) dituen plantetako langileen %15i eragingo die. Sindikatuek hilaren 15ean jasoko dituzte espedientearen inguruko argibideak, eta egun horretan bertan egingo dute lehen lanuztea. Hurrengo hirurak 17an, 22an eta 24an izango dira. Deialdia ELAk egin du; langile batzordeko 23 kideetatik hamar sindikatu horietakoak dira, presidentea barne. Besteak UGTrenak dira, zortzi, eta CCOOrenak bost. UGTk, herenegun, hegazkingintza sektoreko espediente guztien aurka zegoela adierazi zuen, eta ikusteko dago zer jarrera hartzen duen. ELAk, deialdiarekin, kaleratzeak eragotzi nahi ditu, eta Zamudion hartu beharreko neurriak bertako langile batzordearekin negoziatzea. 1.200 langilek dihardute han, eta egunotan protestaldiak egiten ari dira. Besteak beste, manifestazio batera deitu dute larunbaterako, Bilbon.

Aernnovan ere bai

Kaleratzeen mehatxupean dagoen aeronautika alorreko beste enpresa bat da Aernnova, zeinak egoitza nagusia Berantevillan (Araba) duen. Taldeko langileen %20 kaleratzea «zentzugabea» dela salatu zuen atzo hango langile batzordeak, eta azpimarratu zuen pandemiak eragindako «eskari murrizketa erabat behin-behinekoa» dela.

Aernnovako langileen ordezkarien ustez, «aeronautika sektorea erabat estrategikoa da herrialdearentzat», eta horregatik eskatu dute erakunde guztien inplikazioa irtenbideak bilatzeko. «Kaleratzeak badira patronalek mahai gainean jarritako erantzun bakarra, langileak eta langile batzordea aurrez aurre izango gaituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.