Zorra %117 gainditu arren, Parisek esan du ez duela zergarik igoko 2021ean

Langabezia partziala 2021. urtea amaitu arte izango da indarrean turismoan eta Frantziako Gobernuak itxitako sektoreko enpresetan

Bruno le Maire Frantziako Finantza ministroa. HAYOUNG JEON / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Frantziako kontu publikoek zenbaki oso gorriak izango dituzte hurrengo urteetan. Aurten defizit publikoa BPGaren %10era iritsiko dela kalkulatu du Finantza Ministerioak, eta datorren urtean ez du askoz hobera egingo (%6,7), gobernuak gastu publikoa handitzen jarraitu nahi baitu krisiaren kalteei aurre egiteko. Zorra BPGaren %117,5era helduko den arren, Bruno Le Maire Finantza ministroak agindu du ez dituztela zergak handituko. Are gehiago, irailaren hasieran aurkeztutako suspertze planaren ondorioz, zerga gutxiago pagatuko dituzte enpresek, produkzioari lotutako zergak txikituko dizkietelako, eta sozietate zerga %25era apaltzeko egutegiari eutsi diotelako.

2021eko aurrekontu proiektua aurkeztu zuen atzo Le Mairek. Testuak dio ekonomiak aurten galdutakoaren zatirik handiena berreskuratuko duela datorren urtean, baina ez dena: %10 txikituko da 2020an, eta %8 handituko da 2021ean. 2022ra arte itxaron beharko du Frantziak pandemiaren aurreko mailara iristeko. Kopuru horiek «boluntaristak» direla erantzun dio HCFP finantza publikoen gainbegiratzaileak, beldur baita suspertze planak ez duelako nahiko inbertsio eragingo.

Hain zuzen ere, plan horretan konfiantza handia jarri du Parisko gobernuak. Esan duenez, aurten 10.000 milioi euroren bultzada eman beharko lioke, eta beste 42.000 milioi datorren urtean.

Kopuru horretatik kanpo geratuko dira Paris osasun publikoan egiten ari den gastu gehigarria eta langabezia partzialaren gastua, 31.000 milioi euro orain arte. Hego Euskal Herriko aldi baterako enplegu erregulazioen baliokidea da langabezia partziala, eta turismoarekin loturiko jardueretan eta gobernuak berariaz itxitako sektoreetako enpresetan, 2021. urtea amaitu bitartean erabili ahal izango dute.

%3ko defizita, 2025erako

Bruselak aldi baterako neurri zorrotzez ahaztea erabaki duela baliatuko du Frantziako Gobernuak kontu publikoen orekatzeari lehentasuna kentzeko. Horrela, Le Mairek esan du hazkunde ekonomikoak ekarri beharko lituzkeen diru sarrera handiagoekin estaliko dituztela zuloak, eta 2025era arte baizik ez direla berriro helduko EBko Egonkortasun Itunak jartzen duen %3ko mugatik behera.

Pentsioen erreformari eutsiko diola ere iragarri du Le Mairek, baina ez du zehaztu noiz egingo duen, ezta aurreko plana bere osotasunean indarrean jarriko duen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.