Albistea entzun

Enpresa handiei gutxieneko %15eko zerga ezarriko diete 136 estatuk

Multinazionalik handienek salmentak egiten dituzten lekuetan ere ordaindu beharko dute zerga

Iker Aranburu -

2021eko urriak 9

OCDEk beste urrats bat egin du nazioartean gutxieneko sozietate zerga bat ezartzeko saioan. Mundu osoko 136 estatuk oniritzia eman diote enpresa handiek gutxienez beren irabazien %15eko zerga ordaintzeko akordioari. Uztailean lehen adostasun bat lortu zuten 130 estatuei beste sei gehitu zaizkie orain —haien artean EBko hiru kide: Irlanda, Hungaria eta Estonia—, eta Pakistanek atzera egin du. Sinatzaileek munduko BPGaren %90 ordezkatzen dute, eta haien artean daude G20ko eta OCDEko kide guztiak. Espero dute horren bitartez enpresa erraldoiek urtean 125.000 milioi euro gehiago ordainduko dizkietela kutxa publikoei.

Uztaileko oinarrizko itunaren xehetasun teknikoak negoziatzen aritu dira azken hilabeteetan, eta atzo OCDEren bitartekaritzarekin egindako bilera telematikoan lortu zuten adostasuna.

Bi zutabe ditu itunak. Lehenengoaren arabera, 20.000 milioi eurotik gorako salmentak eta %10etik gorako errentagarritasuna duten multinazionalek%10 horretatik gora irabazten duten diruaren %25 banatu beharko dute lan egiten duten beste lurraldeetan. OCDEk kalkulatu duenez, horren bitartez 130.000 milioi euroren mozkinak modu bidezkoago batean banatuko dira. Itunak ez die eragingo bankuei eta araututako beste finantza erakundeei, ezta hidrokarburo eta meatzaritza enpresei ere.

Lehen zutabe horretatik etekin gutxi aterako dutela salatu dute garabidean dauden herrialde askok, eta horregatik ez dute bat egin Nigeriak, Kenyak eta Sri Lankak.

Bigarren zutabea

Bigarren zutabea deitutakoak, berriz, finkatzen du 750 milioi eurotik gora fakturatzen duten enpresen sozietate zergaren gutxieneko tasa %15ekoa izango dela akordioarekin bat egin duten eremuetan. Aurreko testuak «gutxienez %15eko tasa» aipatzen zuen, baina erreferentzia hori kendu diote, besteak beste, Irlandaren presioaren ondorioz.

Hilaren 30ean eta 31ean G20ko buruzagiek emango diote azken oniritzia, Erromako goi bileran. Hor erabaki behar dute nola egingo duten akordioa 2023tik aurrera ezar dadin.

Hainbat urte daramatza OCDEk sozietate zergaren gutxieneko kopuru baten atzetik, ohartuta enpresa handienek gero eta zerga gutxiago ordaintzen zutela, dela inbertsioak erakartzeko tasak jaisteko lasterketa zegoelako munduan, dela enpresa horiek erraztasun handiak dituztelako dirua paradisu fiskaletara desbideratzeko, baita irabaziak gutxitzeko legezko trikimailuak egiteko. Inbertsio gisa saldutakoaren %40, funtsean, zergak txikitzeko egindako diru mugimenduak bide dira.

Helburua lortzeko oztopo ziren AEBak, haren multinazional boteretsuak —batez ere teknologikoak— iaioak baitira zerga ihesean. Baina Joe Bidenek jokoa aldatu du, bere inbertsio planak finantzatzeko dirua behar duelako. Trukean, exijitu du Frantziak, Espainiak eta beste batzuek enpresa teknologikoei jarritako Google tasak kentzeko. Edonola ere, Bidenek lanak izango ditu ituna Kongresutik pasarazteko, eta bi urteko luzapen bat lortu du bere enpresa teknologikoentzat.

Irlandaren baietza

Uztaileko itunaren kontrako botoa eman zutenen artean zeuden Irlanda, Hungaria, Estonia. Ospe txarra ez hartzeko beldurrak eta korrontearekin bat egin beharrak aldarazi zuten Dublingo gobernu kontserbadorearen jarrera, ostegun arratsean. 2003az geroztik %12,5eko sozietate zerga izan du Irlandak, eta kopuru hori totem bat bihurtu da, faktore garrantzitsua izan baita AEBetako multinazional gehienen EBrako sarbidea bilakatzeko eta herrialde aberatsa bilakatzeko.

Irlandak amore eman ondoren, gauza bera egin zuten Estoniak eta Hungariak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

LABeko ordezkariak ostegun honetan Eusko Legebiltzarraren atarian eginiko agerraldian ©Raul Bogajo (Foku)

LABek 30 orduko lan astea eta 60 urterekin erretiroa hartzea proposatu du

Jokin Sagarzazu

Bi lege egitasmo aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean, Lan Kode eta Gizarte Segurantza sistema propioa sortzeko. Madrilgo negoziazioetan presioa egiteko eskatu die bertako alderdi politikoei.

Bizkaiko autoeskoletako langileen manifestazio bat, hil honen hasieran. ©MIGUEL TOÑA / EFE

ELAk bost greba eguneko deialdiari eutsi dio Bizkaiko autoeskoletan

Xabier Martin

Patronalarekin batzartu zen sindikatua atzo, baina ez da egon aldaketarik negoziazioan, eta urriaren 25etik 29rako lanuzte deialdia bere hartan utzi du ELAk

 ©HENNING SCHACHT /EFE

Belatzak hegan egin du

Iker Aranburu

Bundesbankeko lehendakaritza utziko du Weidmannek abenduaren 31n, «arrazoi pertsonalengatik». EBZren politika hedakorraren aurkari nagusia izan da. Gobernu berriak hautatuko du ordezkoa.
Turista talde bat Donotstian ©Gorka Rubio (Foku)

Turismoa ez da pandemia aurreko kopuruetara itzuli

Jokin Sagarzazu

Iaz baino %74,5 gehiago handitu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina 2019an baino %8,3 gutxiago da oraindik. Espainiatik etorritakoak dira nagusi.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.