Saudi Arabiako emakumeek bakarrik bidaiatu ahal izango dute

Printze oinordekoak azken urteotan egindako erreformen barruan kokatu du erabakia. Sektore kontserbadorea kontra agertu da

Emakume bat lehen aldiz gidatzen, Riaden. AHMED YOSRI / EFE.
2019ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Saudi Arabiako emakumeek bakarrik bidaiatzeko eskubidea edukiko dute hemendik aurrera, gobernuak zenbait aldaketa egin baitzituen atzo herrialdeko legedian. «Lege hau erabat betetzen bada, pauso handi bat izango da Saudi Arabiako emakumeek bereb bizitzaren kontrola lortzeko borrokan», esan zuen Kristin Diwan Golkoko Estatu Arabiarren Institutuko kideak. Saudi Arabian guztiz urratuta daude emakumeen eskubideak: esaterako,joan den urteko ekainera arte, emakumeek debekatuta zeukaten gidatzea.

Mohamed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoakemakumeentzako debekuak eta murriztapenak ezabatzeko zenbait erreforma eraman ditu aurrera, azken urte hauetan. Atzokoa izan zen azkenekoa: gobernuak baimendu egin zuen 21 urte baino gehiagoko emakumeek beren senarren baimenik gabe pasaportea eskatu ahal izatea. «Dokumentua lortzeko eskaria egiten duen edozeiniemango zaio pasaportea», baieztatu zuen Um al Qura egunkari ofizialistak. Saudi Arabiako Gobernuak azaldu zuenez, emakumeek beren seme-alaben jaiotza erregistroa egiteko eskubidea izango dute, eta edozein senideren heriotzaren berri eman ahal izango dute, hemendik aurrera. Gainera, bidaia bat egiteko orduan, ez dute senarraren edo anaien baimenarenbeharrik edukiko, eta ezkontza eta dibortzio tramiteak egiteko askatasuna edukiko dute. Bestalde, gobernuak Saudi Arabiako enplegua erregulatuko du, emakumeek lan egiteko aukera gehiago izan ditzaten.

Nahiz eta Saudi Arabiak zenbait berrikuntza egin dituen legedian, emakumeen eskubideak urratuta daude oraindik: aitaren edo anaiaren baimena behar dute ezkondu ahal izateko eta bakarrik bizitzera joateko. Gainera, atxilotzen badituzte, gizonezkoa den senide batek joan behar du haien bila. Hori guztia gutxi balitz bezala, debekatuta daukate seme-alabei ezkontzeko baimena ematea, eta haien herritartasuna lortzeko tramiteak egitea.

Saudi Arabiako sektore kontserbadorea emakumeei aitortu dizkieten eskubide horien kontra agertu da. Zera esan zion emakume kontserbadore batek Reuters berri agentziari: «Imajinatu ezazu zure alabak etxetik alde egitea erabakitzen duela. Pozik egongo zinateke?».

Oro har, ordea, emakume saudiarabiarrek, gobernuaren erabakia txalotu dute Twitter sare sozialean. «Belaunaldi honetako emakumeak libre haziko dira, eta haien anaiek dituzten eskubide berak edukiko dituzte», idatzi zuen Muna AbuSulayman Saudi Arabiako influencer-ak.

Herrialdetik ihesean

Giza eskubideen aldeko erakundeek salatu izan dute Saudi Arabiako legedia oso zorrotza dela, eta, horregatik, gazte askok etxetik ihes egitea erabakitzen dutela, bizimodu hobe baten bila.

Urtarrilean, Australiara ihes egiten saiatu zen Rahaf Mohammed al-Qunun 18 urteko gazte saudiarabiarra, haren familiak gizonezko batekin ezkonduko zuela jakin eta gero. Azkenean, Kanadako Gobernuak eman zion asiloa. Era berean, Dua eta Dalal al-Shweiki Saudi Arabiako ahizpek etxetik ihes egiteko erabakia hartu zuten, joan den ekainean. Dalal 22 urteko ahizpa nagusiak honako hau aitortu zuen: «Ezin gara gure familiarekin bizi. Hil egingo gaituzte». Azken urte hauetan tratu txarrak jasan dituztela eta haien anaiak sexu abusuak egin dizkiela salatu dute bi ahizpek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.