Beste langile bat hil da Murgan, aurtengo hamalaugarrena

Behargina lau metroko altueratik erori da, birziklatze enpresa batean. Lanean hilak oroitaraziko dituzte aurten Gasteizko Martxoaren 3an

Sindikatuetako eta Martxoaren 3 elkarteko kideak, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Irune Lasa - Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Beste langile bat gehitu zaio aurten lanean hildakoen zerrenda luzeari. Herenegun arratsaldean hil zen, Murgako (Aiara, Araba) Zorroza birziklatze enpresan. Azaldu ez dituzten arrazoien ondorioz, lau metrotik behera erori zen. Beharginaren izenik ez dute eman, baina esan 30 urtekoa zela, gizonezkoa, Senegalen jaiotakoa, eta ez zeramala denbora asko enpresan lanean.

Ertzaintzaren arabera, Gurutzetako ospitalean hil zen langilea, erorikoaren ondorioz jasandako zauriengatik. Osalanek eta Ertzaintzak ikerketa bat abiatu dute istripuaren nondik norakoak argitzeko.

LABen arabera, urte hasieratik hona, Euskal Herrian hamalau dira lanean ari zirela hildakoak. Horiei ziur aski beste bi gehitu beharko zaizkie, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagertuta baitaude Zaldibarko zabortegian luizia izan zenetik. Iazko lehen bi hilabeteetan zortzi lagun hil ziren lanean ari zirela.

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuak Murgako Zorroza birziklatze plantaren aurrean elkartuko dira gaur eguerdian, laneko azken heriotza salatzeko.

Martxoaren 3ko protesta

Sindikatu horietako gehienek laneko heriotzak gogoraraziko dituzte datorren asteartean, 1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak Gasteizen bost langile hil zituztela salatzeko urtero egiten duten manifestazioan. Hiltzen jarraitzen gaituzue. Euskal langileok ez dugu barkatuko; ez atzo ez gaur, bizitza duina leloa izango du protestak.

«Aurten, inoiz baino modu nabariagoan ari gara ikusten eredu kapitalistak sortutako prekaritatea langileak hiltzeko makineria dela; eredu kapitalistak erantzun irmoak behar ditu, borrokan oinarritutakoak», azaldu zuen Jone Gibeldi Steilaseko kideak, martxoaren 3ko ekitaldiak iragartzeko agerraldian. Manifestazioa abiatu aurretik, 18:30ean,Martxoak 3 elkarteak omenaldi bat egingo du 1976an hildakoak oroitzeko, izen bera duen plazan.

Gotzon Kortazar LABeko ordezkariak esan zuenez, justizia eta errekonozimendua izan diraazken 44 urteetan eginiko mobilizazioetako lelo nagusiak, baina sindikatuek harago jo nahi izan dute. «Borroka ez zen soilik izan soldata eta lan baldintza hobeagoak lortzeko; aldarri nagusietako bat gizarte osoarentzako bizitza duin bat lortzea izan zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.