EHUn atea jo dute, eragozpenak eragozpen

Seaskaren magalean egon dira ttipiak zirenetik Ilargi Goieaskoetxea eta Maia Darrieussecq. Euskal Herrian ikasten segitzeko asmoa dute habiatik kanpo ere, eta euskaraz: EHUn ikasteko urratsak martxan jarriak dituzte.

Arantxa Iraola -

2019ko ekainak 12
Bizkaian jarria du gogoa Maia Darrieussecq-ek, EHUko campusean: «Kontserbazio eta Zaharberritze gradua ikasi nahi dut, Leioan». Zientzietako ikasketek erakartzen dute Ilargi Goieaskoetxea. «Nire asmoa da heldu den ikasturtean Kimika edo Medikuntza ikastea; orobat, EHUn». Biak dira 2001. urtean Baionan sortuak, biek jardun dute haur zirenetik Seaskan, eta biak bat datoz heldu den ikasturtean Euskal Herrian ikasten jarraitzeko asmoan. Ez da oraindik ohikoa hautu hori Seaska utzi eta goi mailako ikasketak hasten dituzten gazteen artean, baina apurka ugaritzen ari dira; heldu den ikasturtean dozenatik gora izango direla esan dute Bernat Etxepare lizeoan.

Motibo ezberdinek bultzatuta egin dute biek hautua. Goieaskoetxearentzat garrantzitsua da «etxetik hurbil» aritu ahal izatea. Iparraldean Angelun (Lapurdi) hasi ahal izango lituzke gustuko ikasketak, baina gero, nahitaez, Pauera joan beharko luke. EHUn, hasi eta buka, gradu osoa Euskal Herrian egiteko era ikusi du. Begiko dituen ikasketek EHUn dituzten berezitasunek erakarrita egingo du urratsa Darrieussecq-ek. «Frantzian, errestaurazioan lan egiteko hiru urtean teoria ikasi behar da, eta gero lehiaketa batean parte hartu behar da praktikaldia egiteko. EHUn lau urte, dira, eta lehen urtetik hasten zara praktikekin». Erakargarriagoa egiten zaio hautu hori. Bientzat, gainera, bada abantaila erantsi bat haien erabakian: «EHUn euskaraz ikas dezakegu».

Egin nahi dituzten graduetako sarbide notak kezka iturri izaten dira ikasleentzat, eta horiexen inguruan ardaztuta daude gazteon ezinegonak ere. Esaterako, Medikuntza ikastea oso zaila izango dela argi du Goieaskoetxeak. «Oso nota altua behar da: zaila da. Kimikan, aldiz, 8 bat behar da». Arazorik gabe lortzea espero du. Baina kexu da: «Hegoaldean, urtean zehar izan dituzun notek balio dute amaierako notarako; guk dena jokatzen dugu azken azterketan». Horrez gain, baxoko notak selektibitatekoak baino apalagoak izaten direla ere badakite. Euskaraz ezin dute egin, gainera, etsamina hori. Desabantaila agerikoan hasi behar izaten dute, beraz, bidea. Eta traba da, batez ere, sarbide nota oso altua duten graduetara ailegatzeko. Gainera, tramiteekin fin-fin ibili beharko dute gero: atzerapenik txikienak unibertsitatetik kanpo utz ditzake: «Uztailaren 5ean egongo dira baxoko notak, kontsulatura joan beharko dugu egiaztatzera, eta gero UNEDera bidali beharko ditugu baliozkotzera».

EHUrako hautua beretzat ezustea izan dela onartu du Darrieussecqek. «Hegoaldeko ikasketak-eta ez nituen ezagutzen; gehiago aurkezten zaizkigu Iparraldekoak, Frantziakoak». Ikasturte hasieran, ordea, EHUko aurkezpen batean egoteko era izan zuen, eta mundu bat zabaldu zitzaion: «Han ireki nituen begiak. Ikusi nuen nahi nuen guztia biltzen zela: hizkuntza, nik nahi nuen erako gradua...». Aldaketa ikusten du. «Lizeotik gero eta gehiago ari dira mugitzen erakusteko zer dagoen Hegoaldean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna