GHK-k espedientea ireki dio erraustegia kudeatzen duen enpresari, isuri bat dela eta

Ekondakin enpresak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari jakinarazi dionez, amoniako isuri bat gertatu zen Zubietan, joan den maiatzaren 7an

Arrain ugari hilik aurkitu zituzten lehengo larunbatean, hilaren 9an. EAM.
Igor Susaeta.
2020ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Zubietako erraustegiaren (Gipuzkoa) azpiko Arkaitzerreka errekastoan gertatutako isuri baten ondorioz, arrain ugari hilik agertu ziren lehengo larunbatean, hilaren 9an. GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak atzoiragarri zuenez, Ekondakinek, erraustegia kudeatzen duen enpresak, jakinarazi dio joan den maiatzaren 7an amoniako isurketa bat gertatu zela, erraustegitik «kanpoko» kamioi bat deskarga bat egiten ari zenean. GHK-k erabaki du Ekondakini zigor espedientea irekitzea. GHKren arabera, gertatutakoaren berri eman die Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Uraren Euskal Agentziari (Ura) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendaritzari, gertaturikoak zenbaterainoko garrantzia duen deliberatu dezaten.

GHK-k oharrean adierazi duenez, kontsortzioko teknikarien ikerketak «berretsi» du erraustegiko lau instalazioek —tratamendu mekaniko biologikoak, erraustegiak, biometanizazioak eta zepen tratamenduak— urarentzako erabiltzen duten zirkuitu itxiak «ongi» funtzionatzen duela. Oharrak dioenez, hori ikusirik, Ekondakini eskatu zioten instalazioetatik «hurbil» gertaturiko «edozein gertakariren» berri emateko.

EAM , «itxaropenik» gabe

Zubietako (Gipuzkoa) errauste plantaren bueltan «albiste txarrak bata bestearen atzetik ari dira hedatzen», EAMen ustez. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ohar baten bidez nabarmendu duenez —GHK-k Ekondakini espedientea ireki baino lehen kaleratu zuen—, ez da albiste ona Uraren Euskal Agentziak azterketa bat egitea erraustegiaren azpiko Arkaitzerreka errekastoan gertatutako isuria ikertzeko. Joan den larunbatean, arrain ugari hilik agertu ziren errekasto horretan. «Ez dugu itxaropen handirik eduki behar agentzia horren kontrolarekin», ohartarazi du EAMek. «EAEko eta Gipuzkoako agintariek soka motzean kontrolatutako» erakunde bat da. GuraSOS elkarteak «mesfidantza» agertu zuen astearen hasieran.

Erakundearen administrazio kontseiluan daude, EAMen esanetan, «bai Gipuzkoako Foru Aldunditik erraustegia bultzatu eta gaur kudeatzen dutenak, baita hari Eusko Jaurlaritzatik ingurumen baimenak eman dizkiotenak ere. Txistea dirudien arren, egia baizik ez da». Izen bat azpimarratu du EAMek: Jose Ignacio Asensio GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidente eta Gipuzkoako Ingurumen diputatuarena. «Asensio kontseilari duen erakunde batek ikertuko du Asensio buru duen beste erakunde batek isurketa pozoitsurik egin duen ala ez».

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak azaldu du oraindik ez dutela Zubietako planta ofizialki inauguratu, baina jada hasi dela «kalteak» eragiten, «ingurumenean» bezala herritarren «osasunean eta ekonomian». Mugimenduak zehaztu du bai Lasarte-Oriatik eta bai Usurbildik ikusten direla plantaren tximiniak «kea dariela». Gainera, inguruko herrietan «usain txarrak nozitzen» dituztela salatu du. Gogoratu du oraindik proba fasean dagoela erraustegia, eta labeetan erretzen ari direna«gerora erreko omen dutenaren erdia bakarrik» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.