Lan Ikuskaritza Anoetako lanen lege urraketa gehiago berresten ari da

ELAko kide Igor San Josek azaldu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan 250.000 euroren isunak daudela jada, eta 4,5 milioiren zorrak soldatetan

xabier martin
2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Goitik behera zaharberritu duen obra handiaren ostean, galdara bihurtzen da Anoeta Realak jokatzen duenean. Ez dago presio gutxiago, ordea, haren eraikuntza lanetan hainbat enpresak beren langile eta administrazioarekiko egindako lege urraketen auzian. ELA sindikatuak aspaldian salatu zituen kontratazioari, soldatari eta lanaldiari dagozkien irregulartasunak eta, atzo, «moldatze lanetan aritutako langileei ordaindu ez zaizkien soldatak berehala ordaintzeko» eskatu zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Igor San Jose eraikuntzako arduradunaren ahotan.

Irregulartasun horiek berretsi zituen Lan Ikuskaritzak orain hilabete batzuk, eta ELAk berak igorritako beste hainbat oraindik ere aintzat hartzen jarraitzen duela esplikatu zuen San Josek. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak berak erabaki du ELAk azaleratutako eta Lan Ikuskaritzak berretsitako lege urraketak fiskaltzaren esku uztea. «Anoetan gertaturikoak duen larritasuna islatzen du». Zenbat eta zein neurriko lege urraketak egon diren ikusita, ELAk Donostiako Udalari eta Realari exijitu zien berriro «Anoetan gertaturiko iruzur eta lan baldintzen urraketen aurrean berehala esku hartzeko, ardura zuzena baitute biek».

Sindikatuaren tesia zera da: obraren lizitazioa prezioaren azpitik adjudikatu zutela. Eta akusazio larria egin zuen atzo ere San Josek: «Realak dirua aurrezteko helburuz egin zuten, horrek lan baldintza eta lan segurtasunean aurreztea ekarriko zuela jakinda ere».

Anoetaren moldaketaren aurrekontua 48 milioi ingurukoa izan zen hasiera batean. Asteon jakinarazi du Jokin Aperribai Realeko presidenteak 59 milioi baino gehiagoko kostua izango duela obrak azkenerako. Gehiena Realak berak pagatuko du; Jaurlaritzak hamar milioi eurorekin lagunduko du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, lau milioirekin. Gainontzekoa futbol klubak pagatuko du.

Dagokion batzordean eseritako Gipuzkoako batzarkideen aurrean galdera zuzena egin zien ELAko kideak: «Jakinda ezarritako prezioa ez zela inondik inora erreala, noren bizkar gainean erori behar zen aldea? Nork sufritu behar zituen merkatzearen ondorioak?».

22 enpresa salatu dituzte

Lizitazioaren merkatzea «langileen bizkar gainean» jarri dela erantzun zion bere buruari sindikalistak, eta mahai gainean jarri zituen lege urraketek utzi dituzten kopuruak: ELAk 22 enpresa salatu ditu; 200 langile baino gehiago izan dira beharrean «dokumentazio faltsuarekin»; 250.000 euro baino gehiago pilatu dira isunetan; 4,5 milioi euro baino gehiago zor zaizkie oraindik langileei, sindikatuak berak 2018an egindako kalkuluen arabera; eta 2019ko abenduan 7 milioi eurokoa ere izan zitekeen zorra, kalkulu horiek aintzat hartuz betiere.

Kopuru horiek ezagutarazi eta gero, baieztapen gogorra egin zuen Igor San Josek: «Anoetaren moldatze lanak etengabeko abusu eta iruzurretan oinarritu dira: miseriazko soldatak, lanaldi amaiezinak, langileen legez kanpoko lagatzea, dokumentuen faltsutzea...». ELAk salaketa asko jarri dituela eta Lan Ikuskaritzak sindikatuari arrazoia eman diola gogorarazi zien Gipuzkoako batzarkideei.

Halaber, ELAko eraikuntza sektoreko arduradunak azaldu zuen «gero eta gehiago» direla «iruzurra eta eskubide urraketak» konfirmatzen dituzten Lan Ikuskaritzaren ebazpenak. «Realak eta Donostiako Udalak, ordea, beste alde batera begiratzen jarraitzen dute». Egoeraren larritasuna bultzatuta erabaki du Lan Sailak ELAren salaketak fiskaltzaren esku uztea, Igor San Joseren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.