Cristina Fernandezi sei urteko kartzela zigorra ezarri dio auzitegi batek

Ustelkeria leporatu diote, eta inhabilitazioa ezarri. Foruduna denez, Argentinako presidenteordeak babesa izango du 2023ko udaberrira arte

Fernandez, azaroan, La Plata hirian egindako ekitaldi batean. DEMIAN ALDAY / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Cristina Fernandez Argentinako presidente ohiari (2007-2015; 2017-2019) eta egungo presidenteordeari sei urteko kartzela zigorra eta bizi artean kargu publikorik izateko ezintasuna ezarri zion Argentinako auzitegi federal batek, atzo. Hamahiru lagun epaitu dituzte Vialidad auzia-n, eta akusatu nagusia da Fernandez; ustelkeria leporatu diote. Atzo gauean eman zuten epaiaren berri, baina, lehenago, Fernandezek esana zuen sententzia «idatzita» zegoela.

Behin baino gehiagotan ikertu dute presidenteordea ustelkeriagatik, baina lau akusazio atzera bota dituzte orain arte, eta beste batean absolbitu egin zuten. Vialidad auzia da epaiketa bat izan duen lehena. Iruzur egiteagatik epaitu eta zigortu dute; eraikuntzaren sektorearekin loturiko ustelkeria kasu batengatik, hain zuzen. Fiskaltzak hamabi urteko kartzela zigorra eskatu zien epaileei, baita «legez kontrako elkarte bat» zuzendu izana leporatzea ere. Epaileek, ordea, iruzur delitua egotzi diote soilik Fernandezi.

Patagonian (Argentina) errepide batzuk eraikitzeko aitzakiarekin, Argentinako presidente zela bere lagun bati milioika dolar desbideratu izana leporatu diote; akusazioaren arabera, proiektu horiek askotan ez ziren amaitu, edo aurrekontuan aurreikusitakoa baino diru gehiago jarri zuten horietarako.

Fernandezek, ordea, «gezurra» dela esan du, eta bere abokatuek absoluzioa eskatu dute epaiketan zehar, deliturik ez duela egin argudiatuta. Sententzia Feernandezen aurkakoa izan bada ere, babesa izango du 2023ko udaberrira arte, presidenteorde izateagatik foruduna delako. Gainera, apelaziorako bi aukera izango ditu Fernandezek: bata Argentinako Kasazio Ganbera Federalean, eta bestea, berriz, Justizia Gorte Gorenean. Gainera, nazioarteko auzitegiren batera joatea ere ez du baztertu Fernandezen defentsak. 2019an hasi zen epaiketa, eta etenaldi bat egin zuten 2020an, pandemiarengatik.

«Fusilamendu pelotoia»

Presidenteordeak «fusilamendu pelotoi» moduan deskribatu du bere aurkako auziko epaile taldea. Gainera, Mauricio Macri Argentinako presidente ohia eta eskuineko alderdiak jo ditu bere aurkako epaiketaren erantzuletzat.

Izan ere, igandean Tiempo Argentino hedabideak ezagutarazizituen mezu eta audio batzuetanjakinarazi dutenez, Grupo Clarin komunikazio enpresako presidenteak eta abokatuak Kirchnerren aurkako epaiketarekin zuzenki loturiko funtzionario, epaile eta fiskal talde bat egonaldi batera gonbidatu zituzten, Lago Escondidon (Argentina). Joe Lewis enpresari ingelesaren etxean bildu ziren, urriaren 13an; Lewis Macriren laguna da. Alberto Fernandez Argentinako presidenteak bilkura hori gaitzetsi zuen, eta auzitegiei ikertzeko eskatu.

«Neoliberalismoak hiru instrumentu berri topatu ditu: herriaren borondatea kontrolatzea, eskuineko buruzagiak judizialki eta mediatikoki babestea, eta pertsona babestuak defendatu nahi dituzten politikariak diziplinatzea, bi aldiz pentsa dezaten», salatu zuen Fernandezek.

Gaurko egunez, 2012an, indarrean sartu zen Fernandezen gobernuak bultzatutako Hedabideen Legea. Horren bidez, zenbait muga ezarri zizkieten «kontzentrazio mediatiko handiegia» zuten enpresei. Grupo Clarin enpresak legearen aurka egin zuen;Argentinako komunikazio enpresarik handiena da. «Abenduaren 7 batean 'Cristina zigortu dute' lerroburua idaztea opari bat izango da [Grupo Clarin enpresako zuzendari Hector] Magnettorentzat», esan zuen presidenteordeak.

Mobilizazio ugari egin zituzten atzo Argentinan, Fernandezen aurkako epaia salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.