Donostiako 67. Zinemaldia

Zinema ikasleek sortutako hamahiru film labur, Nest Film Students sailean

Donostiako 67. Zinemaldiak Nest Film Students programa antolatu du, 18. urtez. Inoiz baino lan gehiago aurkeztu dituzte aurten; osotara, 373

Jose Maria Avilesen La enorme presencia de los muertos filma. ZINEMALDIA.
Ane Eslava.
2019ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Mundu osoko zinema eskoletako ikasleen lanak ezagutarazteko, Donostiako Zinemaldiak Nest Film Students topaketa antolatzen du urtero. Tabakalera zentroarekin batera gauzatzen du, eta aurten 18. aldia du ekitaldiak. 46 herrialdetako 186 eskolek 373 film labur aurkeztu dituzte, eta horien artean hamahiru aukeratu dituzte. Parte-hartzaileen artean, hamaika herrialdetako zinemagileak daude; zehazki, Alemania, Argentina, Belgika, Txile, AEB, Espainia, Frantzia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika eta Errusiakoak.

Zinemagile gazteek beren film laburrak erakutsiko dituzte egun horietan, eta epaimahai berezi batek aukeratuko du zeinek jasoko duen film labur onenaren saria. Topaketan parte hartzen duten zuzendari gazteak izango dira epaimahaikideak, eta Martin Rejtman zuzendari argentinarrak gidatutako ditu. Irabazleak 10.000 euroko saira jasoko du.

Lehiaketaz bestalde, parte hartzaileek Zinemaldira joango diren profesionalen eskolak jasoko dituzte. Iaz, kasurako, Alexander Payne, Peter Strickland, Jaime Rosales, Albertina Carri eta Virgil Vernier zinemagileek partekatu zituzten beren ezagutzak zuzendari gazteekin.

Zinemaldiak talentu berriak sustatzeko estrategiaren barruan kokatzen du Nest Film Students saila. Urteotan proiektuan aritu diren zinemagile batzuek urrats garrantzitsuak egin dituzte dagoeneko: Oren Gerner israeldarrak, adibidez, Nest Film Students saria lortu zuen 2014an, eta, aurten, bost urte geroago, Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean aurkeztuko du bere lehen film luzea: Africa. Parte hartzea gero eta handiagoa da, gainera: aurten, %34 hazi da eskolen kopurua, eta %22 jasotako film laburrena.

Familia, gai nagusia

Aukeratu dituzten lanen artean Elias Kerejeta Zine Eskolak aurkeztutako lan bat dago, lehen aldiz: Jose Maria Aviles ekuadortarrak zuzendu duen La enorme presencia de los muertos filma. Hamahiru lanetan badira errepikatzen diren zenbait gai; hala nola identitatea, maitasuna, etorkizuna, desira eta indarkeria. Baina guztien gainetik gehien jorratu dutena familiarena da, antolatzaileek esan dutenez: familiaren presentzia edo gabezia, familia eredu berriak, harreman eredu tradizionalen etorkizuna... Irailaren 23tik 25era erakutsiko dituzte guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.