Meta programako kultur proiektuak laguntzeko diru bilketa zabalik da

Hamalau proiektu diruz lagundu ahal izango dituzte herritarrek, eta bildutako kopurua osatu egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Erredakzioa
Donostia
2019ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Hirugarren urtea da Gipuzkoako Foru Aldundiak Meta programa antolatzen duena. Gipuzkoako kolektibo eta eragileek abian jarritako kultur proiektuak finantzatzeko mikromezenasgo programa bat da Meta. Haren bidez, herritarrek aukera dute nahi duten proiektua diruz laguntzeko, eta, gutxieneko kopuru bat lortuz gero, norbanakoen aldetik bildutako dirua bikoizten du foru aldundiak gero, gehienez ere bakoitzari 4.700 euro emateraino. Aurten, askotariko 38 egitasmo aurkeztu zituzten deialdira, eta hamalau hautatuak diruz laguntzeko epea zabalik dago atzotik.

Askotariko proiektuak daude hamalau horien artean. Nomad Studio Art kultura elkarteak, esaterako, argazki artxibo bat osatu asmo du, Gipuzkoako herri txikietako jendea erretratatuz. Gogoan elkarteak, berriz, bestelako artxibo bat osatu nahi du, «Gipuzkoako memoria bakezalea» bilduko duena. Sanagustin Azpeitiko Kultur Kooperatibak Urola eskualdean 1960-1970eko urteetan trikitiaren inguruan sortu zen kultur ondarea bildu eta transmitituko duen proiektua du esku artean, dokumental bat, liburu bat eta trikitilarien biografia bilduma bat biltzen dituena. Eta beste hamaika egitasmo ere badira.

Orain arteko hiru deialdietan, 49 proiektu bultzatu ditu Meta programak. Herritarrek eta aldundiak egindako ekarpenen bidez, guztira 458.000 euro jaso dituzte. Aurten, 70.000 euroko aurrekontua du programak.

Hamabost egitasmo laguntzea zen hasierako asmoa. Aldundiak azaldu duenez, baina, batek atzera egin du azken unean, eta, hala, hamalau izango dira azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.