Bizkaiko andrazko sortzaileak saretu nahi ditu BEST topaketak

Guztira 26 sortzaile bilduko dituen solasaldi eta emanaldi programa antolatu du Zelako kultur kooperatibak larunbaterako, Bilbon

Winona & Grace antzezlana; larunbatean ikusi ahal izango da. SON AOUJIL.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Abiapuntu bat ezartzea da sakoneko asmoa. «Bidearen hasiera baino ez da hau». Larunbatean egingo dituzte Bizkaiko Emakumezko Sortzaileen Topaketak (BEST) Bilboko Euskalduna jauregian, baina jardunaldiak egunean bertan izan dezakeen arrakastaz harago du begia jadanik Maria Rivero musikari eta proiektuaren arduradunak. «Larunbatean sortzen den horri jarraipena emateko zerbait artikulatzea litzateke benetako arrakasta». Hamaika diziplinatako 26 emakumezko sortzaile batzen dituen egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako. Zelako kultur kooperatiba da antolatzailea, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan dute horretarako.

Besteak beste, Lara Izagirre zinemagilea, Itziar Atienza eta Ainhoa Artetxe aktoreak, eta Laura Mintegi, Alaine Agirre eta Lizar Begoña idazleak arituko dira goizeko saioetan hizketan, eta zuzenekoak izango dira arratsaldean. Besteak beste, Maren Basterretxeak Igaro txotxongilo emanaldia estreinatuko du.

«Emakumezko sortzaileak identifikatzeko beharra dago oraindik», azaldu du Riverok, «nor garen jakitekoa, nondik gatozen, zer egiten dugun... Badakigu bidea oso luzea dela, baina larunbatean lehenengo harritxoa jarriko dugu».

Euskaraz izango dira ekitaldiak nagusiki, baina itzulpen zerbitzuak ere izango dira, eta baita zaintza gune bat ere. Aurrez izena eman beharko da jardunaldietan parte hartzeko, zein ekitalditara joan nahi den zehaztuta. Edonola ere, mahai inguruak, bertatik bertara ez ezik, streaming bidez ere zabalduko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.