Zinemaldiak hamar film labur hautatu ditu gaur eta azaroaren 6an emateko

Zinema ikasleen nazioarteko Nest lehiaketan parte hartu izan duten 300 filmen artean egin dute hautaketa, eta Tabakaleran proiektatuko dituzte

Stroeren O noapte în Tokoriki/ A Night in Tokoriki filma. ZINEMALDIA.
Inigo Astiz
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiaren barruan antolatzen den zinema ikasleen nazioarteko Nest lehiaketak hogei urte bete ditu aurten, eta hamar film laburreko hautaketa bat proiektatuko dute urteurrena ospatzeko. 300 film laburren artean bereizi dituzte hamar filmak, eta Donostiako Tabakaleran proiektatuko dituzte orain, bi saiotan. Gaur emango dituzte lehen bostak, eta azaroaren 6an gainerakoak, Zinemaldia + Plus izenekoaren barruan.

Elias Kerejeta Zine Eskolako ikasle izandako Noemi Cuetosek eta Marcela Hinojosak egin dute hautaketa, eta, azaldu dutenez, sailaren ezaugarri izan diren «eklektikotasuna» eta «askatasuna» mantendu nahi izan dituzte egindako aukeraketan ere.

Gaur proiektatuko dituzte, esaterako, Oren Gerner zuzendariaren Greenland (2014), Isabel Lamberti zuzendariaren Volando voy/ I'll Fly Higher (2015), Aldemar Matiasen El enemigo/ The Enemy (2015), Eduardo Teddy Williamsen Pude ver un puma/ Could See a Puma (2012), eta Roxana Stroeren O noapte în Tokoriki/ A Night in Tokoriki (2016). Zinemaldian eta beste jaialdi batzuetan saritutako lanak dira guztiak, eta ezagun egin dira zuzendarien izenak ere, gerora sortutako filmekin egindako ibilbideari esker.

Stroeren film laburrak, esaterako, Berlinaleko Generation 14plus Nazioarteko Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen O noapte în Tokoriki/ A Night in Tokoriki lanarekin. Eta, konparazio batera, Lambertik Zinemaldiko Kutxabank-Zuzendari Berriak saria jaso zuen iaz Nest lehiaketan aurkeztu zuen lehen labur haren ostean sortutako La última primavera / Last Days of Spring film luzearekin.

Bigarren saioa

Azaroaren 6koa izango da bigarren proiekzioa, eta beste bost film hautatu dituzte Cuetosek eta Hinojosak: Kiro Russo zuzendariaren Nueva vida/ New Life (2015), Lea Mysiusen Les oiseaux-tonnerre/ Thunderbirds (2014), Mia Zhluktenko eta Sylvain Cruiziaten Find Fix Finish (2017), Marcos Valin eta David Alonsoren Atención al cliente/ Customer Service (2007), eta Rafael Manuel zuzendariaren Filipiñana (2020).

Zinemaldia urte osora hedatzeko asmoz jarri zuten abian Zinemaldia + Plus izenekoa, duela hamabi hilabete, eta asmo zabalago horren parte da film laburren proiekzioa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.