'Yoko oporretan' filmaren aurrestreinaldia egingo dute etzi, Donostian

Juanjo Elordi zuzendariak eta Edorta Barruetabeña gidoigileak ondu dute haurrentzako film hori. Abenduaren 2an iritsiko da ohiko aretoetara

Filma aurkezteko ekitaldia, atzo, Donostiako Tabakaleran. DIBULITOON.
Erredakzioa
2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Duela zazpi urte estreinatu zuten Yoko eta bere lagunak filma Juanjo Elordi zinema zuzendariak eta Eduardo Barruetabeña gidoigileak, eta, harekin lortutako arrakastak akuilatuta —Espainiako Goya sarietan animaziozko filmik onenaren sarirako izendatu zuten; eta Ikusleen Saria lortu zuen Europako Zinemaren XII. Jaialdian, Sevillan (Espainia)—, film berri batean bildu dituzte pertsonaiaren ibilerak orain: Yoko oporretan. Abenduaren 2an helduko da filma areto komertzialetara, baina aurrestreinaldia etzi goizean egingo dute, larunbatarekin, Donostiako Principe aretoetan. Jada Europa Junior saria eskuratua du filmak Sevillako Zinemaldian.

Filma 3 eta 7 urte arteko haurrentzat dela adierazi dute egileek, eta «haurrek zineman duten lehenengo esperientzia gisara» pentsatuta dagoela. Ordubete irauten du filmak, eta umeek aurrez ezagutzen duten telesail batean oinarrituta dago. 79 atal ditu sail horrek, eta hogei herrialdetan baino gehiagotan erakusten dute.

Telesaileko pertsonaia berberak agertuko dira filmean, hala. Yoko protagonista eta beste hiru haurrak: Oto, Mai eta Vik. Film berrian, udako oporretan ageri dira laurak, eta lehen aldiz bananduko dira elkar ezagutu zutenetik. Lagunen faltan, irudimenarekin jolasean segitzeko moduak bilatuko dituzte. Aire zabaleko jolasa eta irudimena dira, hain justu, filmaren egileek azpimarratu nahi izan dituzten ideietako bi.

Guraso ez-euskaldunei deia

Filmak Euskaraldiaren eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailaren babesa jaso du, eta, hori erakusteko, agerraldia egin zuten atzo, Donostiako Tabakaleran. Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Juanjo Elordi zuzendaria eta Jone Landaluze ekoizlea izan ziren han, besteak beste. Haurrentzat kalitatezko euskarazko lanak izateak duen garrantzia azpimarratu zuten, eta euskaraz hitz egiten ez duten gurasoei ere gonbidapena egin zieten seme-alabekin euskarazko zinema ikustera joateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.