'Ez' leloa izanen du ardatz IX. After Cage jaialdi esperimentalak

Heldu den ortziralean abiatuko da Iruñean After Cage musika esperimentalaren jaialdia. Hamabost jarduera programatu dituzte

After Cage musika esperimentalaren jaialdiko kideak, atzo Iruñean. BERRIA.
Yasmine Khris.
Iruñea
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ezezko ozen bat. «Ez, baldintzatzen, mugatzen eta pobretzen gaituen guztiari», erran du Pablo Ramos After Cage musika esperimentalaren jaialdiko zuzendariak. Bederatzigarren jaialdia izango da aurtengoa, eta ukazioa izango du ardatz. Iruñeko hainbat txokotan izango dira emanaldiak, irailaren 23tik urriaren 28ra arte. E7.2 kolektiboak bultzatzen du jaialdia, eta guztira, 15 jarduera artistiko eskainiko dituzte.

2016an sortu zuten festibala, eta, ordutik, hiru ildo landu dituzte: doinu garaikideei lotutakoa, ildo esperimentala eta alor folklorikoa. Bertzalde, jarrera kritikoa hedatzea ere bilatzen du jaialdiak, askotariko proposamenak antolatuz. «Horregatik, aurten 'ez' hartu dugu erreferentziatzat», aipatu du Juanjo Eslabajaialdiko kideak.

Hark dioenez, ezetzak bi erranahi ditu: «'Ez' kritiko bat izan daiteke, ukazioarena. Ondorioz, ukatzetik ateratzen eta sortzen dira gauzak, eta orduan kritikak bultzatzen du sorkuntza». Paraleloki, bertze ezezko motak salatzen ditu sufritutako injustiziak. Eslabak: «Mugak jarri nahi ditugu bigarren 'ez' honekin, batez ere arte munduan; oztopoak, arazoak eta baldintza itogarriak sortzen direnean». Prekaritateaz eta artearen gutxiespenaz ari da Eslaba, bere esperientzian oinarrituta, erran du.

Pieza esperimentalak

Musika tresna eta guzti egin dute egitarauaren aurkezpena antolatzaileek: maraka, tinbal, bateria makila, pandero eta hainbat ezkil motarekin Musika pieza esperimentala grabatu dute zuzenean, eta hilaren 23an emanen dute, jaialdi hasierarekin batera. Iruñeko Gazteluko plazan eginen dute jaialdiaren irekiera, EkiNO'zio izeneko jarduerarekin. Performance moduko eskultura erakusketa eta musika kontzertua izanen da. Ondotik, Tempo diskoaren aurkezpena izanen da, hilaren 29an, Nafarroako Unibertsitatearen Museoan, musika eta denborari buruzko melodiekin. Urriaren 3an, EZari buruz jarduera eginen dute Nafarroako Museoan. Hitzik egin gabeko eztabaida bat izanen da, eta keinuak, begiradak eta gorputza baliatuko dituzte parte hartzaileek.

Egitarau zabala eta plurala egin dute, hainbat diziplinatako jarduera, kontzertu, tailer eta dantza-ibilaldirekin. Programazio osoa ikusgai da webgune ofizialean. «Etortzeko dei egiten diegu herritarrei, esperimentatzera, ukitzera eta gozatzera», gehitu du Ramosek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.