Koronaburisa

Gorenak izango du azken hitza

Erkidegoek Espainiako Auzitegi Gorenera jo ahalko dute tokiko auzitegiek ez badiete uzten neurri murriztaileak hartzen. Madrilek dio «aterki juridikoa» emango duela

Edurne Begiristain - Maria Ortega Zubiate
2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Igande honetan Espainiako Gobernuak alarma egoera bukatutzat ematen duenean, Espainiako Auzitegi Gorenak izango du azken hitza oinarrizko askatasunak murrizten dituzten neurri batzuen inguruan. Hala erabaki zuen atzo Ministroen Kontseiluak, lege dekretu bidez. Erabakiarekin, autonomia erkidegoetako gobernuek aukera izango dute Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio helegitea aurkezteko, baldin eta tokian-tokiko auzitegiek neurriak baliogabetzen badituzte. Molde horretan, Madrilek «babes juridikoa» emango die erkidegoei pandemiaren aurkako neurriak har ditzaten, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko lehen presidenteordeak azpimarratu zuenez.

Madrilgo gobernuak dekretu bidez moldatu du administrazioarekiko auziak arautzen dituen legea, eta, horri esker, erkidegoetako gobernuek kasazio helegitea aurkeztu ahal izango dute Gorenean. Calvoren hitzetan, dekretuak «berme juridikoak» ez ezik, «lasaitasuna» ere emango die maiatzaren 9az haragoko egoerari kezkaz begiratzen zioten agintariei. Izan ere, alarma egoeraren legezko babesik gabe, Eusko Jaurlaritzak edo Nafarroako Gobernuak joan-etorriak mugatu edo etxeratze agindua ezartzeko har ditzaketen erabakiak baliogabetu ditzakete EAEko eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiek. Igandetik aitzina, baina, bi administrazioek aukera izango dute Gorenean epaitegien erabakien aurkako errekurtso bat aurkezteko. Auzitegi Goreneko hirugarren aretoak izango du azken hitza neurri murriztaileen gainean, eta jurisprudentzia ezarriko du.

Espainiako Gobernuko dekretua igande honetan bertan sartuko da indarrean, erkidegoei neurriak bere horretan mantentzeko bidea irekita, Calvok nabarmendu duenez. «Aterki juridikoa emango die, doktrina bateratuz eta erkidegoen arteko bereizketak saihestuz». Halaber, dekretu berarekin alarma egoeran hartutako premiazko beste neurri batzuk hiru hilabetez luzatuko dituzte, hala nola alokairua ordaintzeko moratoria eta etxegabetzeak bertan behera uztea.

Jaurlaritzaren dekretua

Eusko Jaurlaritza «zuhur» azaldu da maiatzaren 10etik aurrera Gorenera jotzeko duten aukeraz. Atzo, gaiaz galdetu zioten Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileari, eta hark gogorarazi zuen Iñigo Urkullu lehendakariak Pedro Sanchez Espainiako presidenteari zera eskatu ziola: alarma egoera estatu osoan luzatzea. Espainiako Gobernuak halakorik egingo ez balu, Jaurlaritzak berak ezarriko ditu neurriak, dekretu bidez, Zupiriak berretsi zuenez. Dekretu horrek mugimendua, gaueko ordutegiak eta biltze eskubidea arautu ahalko dituela adierazi du Zupiriak. Hain zuzen, maiatzaren 9tik aurrera ere Araba, Bizkai eta Gipuzkoak «perimetroan itxita» segituko dutela ziurtatu zion atzo Urkulluk Kantabriako presidente Miguel Angel Revillari. Etzi aurkeztuko du dekretua Jaurlaritzak, datorren astelehenean indarrean sartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.